Irudhitzen lehiaketa

Abian da II. Irudhitzen lehiaketa

Uztarria.eus 2017ko urr. 6a, 12:42

II. Irudhitzen lehiaketa iragartzeko irudia.

Sua, haizea, ura eta lurra izango dira irudiak eta hitzak uztartzen dituen lehiaketaren bigarren edizioaren gaiak. Hau da, aurkezten diren argazkietan elementu horietako bat edo beste agertzea ezinbestekoa izango da. Azaroaren 5era bitartean aurkez daitezke irudiak lehiaketara. Ondoren, AAEko hainbat kidek hamabi argazkirik onenak aukeratuko dituzte, eta ondoren zabalduko da irudei hitzak jartzeko epea. Aukeratutako irudiekin eta hitzekin, 2018ko egutegia kaleratuko du Uztarriak.

Aurreneko Irudhitzen lehiaketak izan zuen parte-hartzea ikusita, irudiak eta hitzak uztartuko dituen egitasmoa martxan jarri du bigarren urtez Uztarria Komunikazio Taldeak, Kulturaz kooperatibarekin eta Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean. 

Iaz bezala, Azpeitian ateratako argazkiak oinarri hartuta, bi azpi-lehiaketa izango dira: irudien lehiaketa eta testu laburrena. Aurten, gai jakin batzuen bueltan atera beharko dira irudiak. Honakoak dira gaiak: Sua, haizea, ura eta lurra. Irudiak aurkezteko epea zabalik dago jada, eta honakoak dira lehiaketan parte hartzeko oinarriak eta argibideak:

Argazki lehiakeren oinarriak 

  • Gaiak: Sua, haizea, ura eta lurra.
  • Irudia Azpeitian ateratakoa izatea.
  • Parte hartzeko ez da ezinbestekoa azpeitiarra izatea.
  • Argazkia horizontala izatea eta JPG formatuan aurkeztea.
  • Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bost argazki bidal ditzake.
  • Aurkezten diren irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute. 
  • Zuri-beltzean nahiz koloreetan bidal daitezke argazkiak. 
  • lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera bidali behar dira irudiak, azaroaren 5a baino lehen.

Azpeitiko Argazki Elkarteak aukeratutako hamabi irudietatik bat nabarmenduko du epaimahaiak, eta irudiaren egileak 150 euroko saria eskuratuko du.

Testu laburren txanda, aurrerago

Proiektura aurkezten diren hamabi argazkirik onenak aukeratu ostean, testu laburren lehiaketa jarriko du abian Uztarriak. Parte-hartzaileek testu labur bat edo gehiago idatzi ahalko dute Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek aukeratutako irudiak oinarri hartuta. Hau da, irudiei hitzak jarri beharko zaizkie. Azaroaren 13an zabalduko da hitzak aurkezteko epea. Miren Gorrotxategi, Xabier Gantzarain eta Alaitz Olaizola arduratuko dira aurkeztutako testuetatik hamabi aukeratzeaz. 
 

2018ko egutegia eta erakusketa

Irudhitzenera aurkezten diren irudietatik eta testuetatik epaimahaiak aukeratzen dituen argazkiekin eta hitzekin, Uztarria Komunikazio Taldeak 2018ko egutegia kaleratuko du. Bazkideek etxean jasoko dute egutegia urtarrileko aldizkariarekin batera. Gainerakoek, berriz, erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan (Perez Arregi 1).

Ondoren, Irudhitzenera aurkeztutako material guztiarekin erakusketa bat prestatuko du Uztarriak, Kulturaz kooperatibarekin batera, Sanagustin kulturgunean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide