Eneko Arbeo soinu-jotzaile azpeitiarrak eta Mireia Ibabe pandero-jotzaile bergararrak irabazi zuten zapatuan Arabako Trikiti Txapelketa. Okondon jokatu zen lehian bost bikotek parte hartu zuten, tartean, Izaro Oleaga eta Jurgi Ituarte aizarnazabaldarrek. Arbeok HITZAri azaldu dionez, "gustura" gelditu ziren egindako lanarekin. "Bikote bat ez beste guztiak ezagutzen genituen, eta geure lanak egitera atera ginen gu".
Aurten hainbat txapelketa irabazi dute Arbeok eta Ibabek, hala nola Zarauzko Trikitilari Gazteen Txapelketa nahiz Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketa.