Mikel Larrañaga: "Neure maila ematen badut, lan polita egingo dudala uste dut"

Uztarria.eus 2017ko urr. 11a, 20:00

Gaur goizean aurkeztu dute finala Donostian. Argazkian, ezkerretik hasita zazpigarrena da Larrañaga. (Donostia.eus)

Igandean jokatuko da Donostiako Gaska kiroldegian Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa, eta azpeitiar aizkolariak sailkapen kanporaketan erakutsitakoa berretsi nahi du.

Gaur aurkeztu dute igandean, urriak 15, jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finala. Donostian izan da aurkezpena eta Gipuzkoako hiriburuko Gaska kiroldegian jokatuko dute lehia, 18:00etan.

Sei aizkolari arituko dira txapelaren bila igandean eta horietako bat da Mikel Larrañaga (Azpeitia, 1988); Iker Vicente, Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza, Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi izango ditu lehiakide. Donostiako aurkezpenean izan da goizean azpeitiarra, eta Uztarriarekin hitz egin du arratsaldean. Igandeko hitzorduari begira bere burua "nahikoa ondo" ikusten du; "neure maila ematen badut, lan polita egingo dudala uste dut", dio. Orain dela hilabete eskas Abadiñon (Bizkaia) jokatu zuten sailkapen kanporaketan bigarren denbora onena egin zuen Larrañagak, Iker Vicente nafarraren atzetik. Sasoi puntuari dagokionez, orduko "maila beretsuan" dagoela uste du, baina "finalean lan bikoitza" egitea tokatuko zaiela ere gogoratu du. Hala ere, Abadiñon erakutsitakoa berrestea eta orduko bigarren postua errepikatzea da bere buruari jarri dion erronka. Lortzen badu, iazko lana hobetuko luke, hirugarren sailkatu baitzen 2016ko finalean.

Txapela janztea litzateke, berez, benetako ametsa Larrañagarentzat; baina egungo txapelduna, Aitzol Atutxa, gainerakoak baino "maila bat gorago ikusten" du oraindik. Dena den, igandekoa "final irekia" izango dela uste du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide