Eta aldaketa hasi zen etxe-aldatze soil batekin. Errentan bizi ginen etxe zaharretik etxe berrira joan ginen bizitzera, eta etxe hura, orduan behintzat, ez zen nolanahikoa: zazpi pisu zituen eta ez zeukan teilaturik, eta bai gainean terraza bat, eta –gaurkoan garrantzizkoena– bazuen pare-parean beste zazpi pisuko etxe bat, ia berdina kanpotik baina barrutik desberdina oso: parekoak 7 pisu eta 7 bizitza zituen, eta gureak, berriz, 7 pisu eta 14 bizitza; parekoan “zazpi haundiak” bizi ziren eta gurean “hamalau txikiak”, eta halaxe esaten zen gainera, eta halaxe deitzen zitzaien gure dorre bikiei (gu kabitu beharreko tokia ez zen 80 metrokoadrora iristen eta haiena 150tik gorakoa zen); gurea langile jendearentzat pentsaturik egingo zen eta parekoa “zeoze” zen jendearentzat, izenez eta izanez; hau da: diruz. Eta xehetasun polit bat: paper-gaineko argazkian ez da kolorerik ikusten, baina ez dakitenentzat esan beharra dago gure etxeak, argazkian eskubian ageri denak, gorriak dituela balkoiko barandako koadroaren betegarriak, eta parekoak –nola ez ba?– urdinak. Bai erraza jarri zidatela politizazio iraultzailea!
68ko apiriletik aurrera, beraz, jakin izan dut (jakinaren gainean baino gehiago jakinaren azpian) mundua zegoela banatua edo zatitua haundi-urdin eta txiki-gorrien artean, eta gu txiki-gorrietakoak ginela. Ez nuen behar izan inolako dotrina edo ideologiarik horretaz jabetzeko; gure dorre bikiek erakutsitakoarekin nahikoa eta gehiegi neukan.
Etxe urdinekoak, esanda bezala, zeoze ziren, gu ez bezala. Hain ziren zeoze, hain izan nahi zuten zeoze, non hango seme-alaba gehienek ez baitzuten euskaraz natul ikasi, zeren guraso azpeitiano aberaskilloek ez baitzieten erakutsi. Etxe oneko jende haren beste ezaugarri bat zen udan oporrak pasatzera kanpora joaten zirela eta askok beste nonbait etxea izaten zutela horretarakoxe; langilekumeok gehienez ere inguruko mendi-bazterren batera edo eskualdeko hondartzaren batera eramaten gintuzten tarteka. Aberaskumeak, batxillerra egiteko garaia etortzen zenean, “kolejiora” bidaltzen zituzten, jakintzaz ere besteok baino gehiago izan beharra baitzeukaten erremedio gabe, eta handik etortzen ziren edo lehenaz-gain tontotuak, edo bestela oso lixtotuak, baina dirua mugitzeko jakintzan bakarrik. Esan beharrik ez dago aberaskumeak apolitikoak izaten zirela ia erabat, eta ordena publikoaren oso zaleak (guardozobillak zeuden orduan herrian).
Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.