Beste bi partida interesgarri jokatuko dituzte asteburu honetan Iraurgi Saskibaloiko talde nagusiek, gizonezkoenak etxean eta emakumezkoenak kanpoan.
Sammic Hosteleria ISBk igande arratsaldeko seietan El Praten aurka jokatuko du Azpeitiko kiroldegian. Urrezko LEB ligaren jardunaldiko neurketa interesgarrienetakoa izango da. Bi taldeak joko eta emaitza bolada onean daude. Lolo Encineasen mutilak Valladoliden irabaztetik datoz. El Pratekoek aurredenboralditik hona partida bakarra galdu dute. Sammic-ek badaki neurketa aurrera ateratzeko aurreko partidetan egin duen gauza bera egin beharko duela: atzean oso sendo egon, korrika azkar egin eta jaurtiketetan asmatu.
Añares Rioja Iraurgik, berriz, igande eguerdiko hamabi eta erdietan Oviedon jokatuko du ligako laugarren jardunaldiko partida. Xabier Chico entrenatzailea, lan kontuak tarteko, baja izango da, eta bere lekua Luis Agirre Katxik hartuko du. Oviedon dinamika ezberdinetan dauden bi talde neurtuko dira. Etxekoek jokatutako hiru neurketak galdu egin dituzten bitartean, Añaresek azken bi partidak aurrera atera ditu. Iazko aurrekaria ere kontutan hartu beharko da; orduan, Oviedok irabazi zuen neurketa.