Donostiako 65. Zinemaldian izandako arrakastaren ostean, ostiralean iritsi zen Azpeitira Handia filma. Atzo, zapatua, berriro eskaini zuten Altzoko erraldoiaren istorioa kontatzen duen ikus-entzunezkoa Soreasun, eta antzokian bertan izan ziren Jon Garaño filmaren zuzendaria eta Iñigo Aranburu aktorea.
Herritarrek Handiaren inguruan zituzten zalantzak argitzeko aukera izan zuten atzokoan, eta jakin min handia agertu zuten, giro ederra sortuz. Galdera mordoxka bat egin zituzten ikus-entzuleek, batez ere Altzoko erraldoiaz. Izan ere, pertsonaia horren inguruko mitoaren eta errealitatearen arteko banaketa izan zuten hizpide. Bestalde, filmaren grabaketa lanen inguruan galdegin zuten herritarrek. Esaterako, Eneko Sagardoy aktoreak hezurmamitzen duen Altzoko erraldoiaren itxura lortzea zaila izan al zen galdetu zieten Garañori eta Aranbururi Soreasura bertaratutako lagunek. Eneritz Albizu aritu zen dinamizatzaile lanetan.
Mikel Herrera azpeitiarrak ere jarri du bere alea Handia filmean. Izan ere, ikus-entzunezkoaren efektu bisualak egiteaz arduratu da. Grabaketak "oso gogorrak" izan zirela, baina egindako lanarekin "oso gustura" gelditu zela kontatu zion Uztarriari martxoko aldizkarian.
Gaur, igandea, berriro emango dute Handia Soreasun, 19:30ean hasita. Bihar, hilak 23, azkenekoz izango da ikusgai Altzoko erraldoia bezala ezagutzen zen Migel Joakin Elizegiren inguruko istorioa kontatzen duen filma, 21:00etatik aurrera.