Iraurgi Berritzenek, eskualdeko udalekin elkarlanean, Etxe Argiak egitasmoa plazaratu du. Egitasmoa eskualdeko biztanleei dago zuzenduta eta etxebizitzetan egiten den energia kontsumoaren gakoak hobeto ezagutzea du helburu, baita zaurgarritasun energetikoaren errealitatea ezagutzea eta hori saihesteko neurriak hartzea ere.
Urola Erdiak urteak daramatza energia burujabetasunaren alde lan egiten. Horretarako plan zehatz bat egin zen, eskualdeko eragile eta herritar ezberdinen parte-hartzearekin. Planak hainbat erronka jasotzen ditu; horien artean daude eraginkortasuna eta aurrezkian oinarritutako kultura energetiko berria bultzatzea, eta ahultasun energetikoa murriztea.
Orain abian jartzen den egitasmo honek ildo horietan aurrerapausoak ematen eta eskualdeko eredu energetiko berriranzko bidea jarraitzen lagunduko du.
Zergatik Etxe Argiak?
Etxe Argiak izenarekin, egitasmoak berak batzen dituen bi kontzeptu uztartu nahi izan dira: batetik, energia kontsumo arduratsua eta adimentsua egiten duten etxeak eta, bestetik, egoera larrian egon daitezkeen etxe argiztatuak.
Etxe Argia izateak zer suposatzen du?
Egitasmo honetan parte hartu nahi duten etxejabeei, lehenik eta behin, bisita energetiko bat egingo zaie; hau da, pertsona bat euren etxera joango da eta, haiekin batera, zer nolako energia kontsumoa duten aztertuko da.
Informazio horretan oinarrituta, energia plan pertsonalizatu bat egingo zaie, non kontsumoa murrizteko eta eraginkorragoa egiteko ekintzen proposamen sorta bat egingo zaien. Lau hilabete emango dira ekintza horiek martxan jartzeko eta, denbora horretan zehar, hainbat aholku eta jardunbide on azalduko zaizkie.
Azkenik, lau hilabeteren ondoren, etxebizitza bakoitzaren emaitzak aztertuko dira eta etxe bakoitzak bere emaitzak azaltzen dituen txosten bat jasoko du.
Nola egin Etxe Argia izateko?
Egitasmo honetan parte hartzea erraza da eta bide ezberdinak ireki dira izena eman ahal izateko: 943026069 telefonora deituz (Iraurgi Berritzen), etxeargiak@gmail.com posta elektronikora idatziz, ala norberaren udaletxera hurbilduz.
Izena emateko epea azaroaren 15ean amaituko da.
OHARRA: egitasmorako kontsumo datuen bilketa on-line plataforma batean oinarrituko denez, ezinbestekoa da posta elektronikoa eta interneterako konexioa izatea.