Sobietar Zine Zikloko azken emanaldia izango da gaur Gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2017ko aza. 16a, 12:48

Joan den urrian ekin zion Gaztetxeak Sobietar Zine Zikloari, eta gaur izango da azken proiekzioa. Aurten, 100 urte bete dira Iraultza Sobietarra piztu zela, eta mendeurrenaren harira hainbat ekintza antolatu ditu Gaztetxeak; tartean, Sobietar Zine Zikloa. Gaur, osteguna, bi film izango dira ikusgai: Ivan El Terrible 1 eta 2 (Sergei M. Eisenstein). Emanaldia 21:00etan hasiko da, eta ateak zabalik izango dira bertaratu nahi duen edonorentzat. 

Orain arte, honako film hauek izan dira ikusgai Sobietar Zine Zikloaren barruan: Stalker (Andrei Tarkovsky), Ashik Kerib (Sergei Parajanov) eta Octubre (Sergei M. Eisenstein).

Abenduan, mintegiak

Gaurko proiekzioarekin, abendura arte agurtuko du Gaztetxeak Iraultza Sobietarraren mendeurrenaren harira antolatutako ekintzak. Izan ere, Sobiertar Batasunaren inguruko mintegiak hartuko dute Gaztetxea abenduaren 1ean eta 2an. Egun horietan, Aimar Uribesalgo eta Jon Kortazar izango dira gonbidatuak.

Abenduaren 1ean fanzine erakusketa izango da, eta jarraian, 18:30 aldera, Leninen estatua eta iraultzaren gaineko eztabaida solasaldia eskainiko du Aimar Uribesalgok. 21:00etan afaria izango da eta 22:00etarako Maxuxta Leninista poesia emanaldia. Abenduaren 2an, egun osoan egongo da zer egina. 11:00etan hasita, 1917-21 sobietar langile botere erreal bezala, estatu artikulazioa eta gerra komunismoa hitzaldia eskainiko du Jon Kortazarrek. Ondoren, 14:00etan, bazkaltzeko tartea izango da, eta arratsaldean jarraituko dute mintegiek. 17:00etan, Aimar Uribesalgok eskainiko du Sobietar Batasunari kritika ikuspegi ekologistatik hitzaldia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide