Ate joka dago Gaztetxeak Euskal Antzerki Topaketen barruan antolatzen duen Antzerki Alternatiboaren Zikloa. Aurtengoa jardunaldi alternatiboen zazpigarren edizioa izango da, eta ostegunean zabalduko ditu ateak, ostiralera arte. Azken urteetan bezala, bi antzezlan izango dira ikusgai: Hozkailua eta Bihotz salataria. Antzerkiarekin batera, jateko begetarianoaren eskaintza itzuliko da Gaztetxera, eta bertaratzen direnek luntx begetarianoaz gozatzeko aukera izango dute bi egunetan, 20:00etatik 21:00etara bitartean. Antzezlanak, berriz, 21:30ean hasiko dira.
Huts Teatroaren Hozkailua obra izango da Gaztetxeko oholtzara iritsiko den aurrena. Unai Iturriagak idatzitako antzerkia da Hozkailua. Aktore lanetan, aldiz, Ander Lipus eta Patricia Urrutia ariko dira. Lipusek Karlos pertsonaia hezurmamituko du. Urrutiak, berriz, Maite. Biak herritik herrira dabiltza hozkailu zahar batekin. Barruan Jimmy lagunaren hilotza daramate, hari zin egin baitzioten bere jaioterrian emango ziotela lur. Nongoa zen galdetzea ahaztu zitzaien, ordea. Orain arte, oso kritika onak jaso ditu Hozkailua antzezlanak.
Atx Teatroak Bihotz salataria antzezlana ekarriko du herrira. Edgar Alan Poeren obra da Bihotz salataria, eta Iñaki Ziarrustak itzuli du euskarara. Ziarrusta bera arduratuko da antzezlana taularatzeaz. Istorio beltza kontatzen du Alan Poeren lanak, eta hilekta batean oinarritzen da. Protagonistak agure bat akabatzen du, zatitu eta bere gorpuzkiak ezkutatuko ditu. Hori da antzezlanaren abiapuntua. Nola jarraitzen duen jakiteko, Gaztetxera hurbildu ostiralean.
Luntx begetarianoaren menua
Ostegunean eta ostiralean Gaztetxera sabelak betetzara hurbiltzen direnek honakoa izango dute dastatzeko: kalabaza krema arina, sobietar entsalada, patatak ali oli edo tomate saltsarekin, hummusa, txanpiak saltsan, banana tur tur-a txokolate tantekin eta etxeko infusioak.