Emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarria, plazara

Uztarria.eus 2017ko aza. 25a, 15:07

Gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin dute plazan. Eguraldi kaxkarra izanagatik, herriko plazan elkartu dira Basanderiek taldearen deialdiarekin bat eginda. Patriarkatua indarkeria da. Eman sua! lelopean egin dute kontzentrazioa. Azpeitiko Udaleko hainbat ordezkarik ere parte hartu du protestan, eta udalak atzo adierazpen instituzionala kaleratu zuen gaurko egunaren harira.

Basanderiek asanbladak gaurko egunaren harira irakurketa kaleratu du, eta taldeak azaldu duenez, egun honek "jendartearen zati oso ilun eta bortitz bati" egiten dio erreferentzia. Taldeko kideek esan dutenez, indarkeria matxista "eguneroko ogia" da oraindik ere. "Esnatu eta jada ez da arraroa erahilketa, bortxaketa edota erasoren baten berriekin topo egitea; denak emakumeenganako erasoak, emakume izateagatik jasotzen ditugunak". Basanderiek asanbladaren arabera, "gakoa" horixe da "emakume izatea patriarkatuaren itzal ilunak menderatzen" duen gizartean. "Emakumeenganako indarkeria arazo sistematikoa da, eta hezkuntzak, kulturak, legeek, genero rolek, tradizioek... legitimatzen dute". Haien arabera, baina, patriarkatuaren eraginak ez da soilik indarkerian ikusten: "Emakumeok kalean gauez bakarrik ibiltzeko beldurraren, ez depilatzeagatik zikinago ikustearen eta hainbat lanpostutan soldata txikiagoa jasotzearen arrazoia ere bada". Adibide horiek "txikiak diruditen arren, etsaiari jaten ematen" dioten jokabideak direla azaldu dute. Horregatik, oinarriak aldatzeko deia egin dute. "Aldaketa gugandik hasten da, elkartu egin behar gara, emakumeon ahotsak merezi duen eta beraiena den lekua izan behar du. Zoritxarrez bidean geratu direnengatik eta gaur egun bidean jarraitzen dugunongatik borrokan jarraitu behar dugu". Basanderiek asanbladako kideek uste dute "patriarkatuaren sustraiak moztuta eta horiei su emanda" soilik lortu dela arazoa "suntsitzea eta aro berri bat hastea". Izan ere, taldeko kideek esan dute patriarkatua "indarkeria" dela.

Basanderiek asanbladako kideek bazkari feminista egingo dute 14:30ean. Bazkalostean, kanturako tartea hartuko dute, eta 17:00etan mural bat egiteko hitzordua jarri dute plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide