Trini Fox eta Luma taldeen kontzertuak izango dira bihar

Uztarria.eus 2017ko azaroaren 25a

Katapulta Tourren barruan eskainiko dituzte kontzertuak, 19:00etan hasita, Sanagustinen. Sarrera doakoa izango da. Bi taldeek bigarren diskoa kaleratu dute aurten.

Trini Fox eta Luma taldeek kontzertu bana eskainiko dute bihar, igandea, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Katapulta Tour Gipuzkoa 2017 zirkuituko emanaldiak izango dira. Gipuzkoako talentu berriei indarra emateko eta horiek sustatzeko egitasmoa da Katapulta Tour, eta hainbat taldek formatu txikiko emanaldiak eskaini dituzte urte osoan zehar; horietako batzuk Sanagustin kulturgunean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak bultzatutako egitasmoa da, eta Kutxa Kultur, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom's-ek antolatzen dute elkarlanean.

Trini Fox 2015ean sortutako musika taldea da, eta Azpeitiko eta Azkoitiko hiru musikarik osatzen dute. Hainbat taldetan aritutakoak dira hiru partaideak, eta hainbat musika estiloren nahasketa egiten dute Trini Foxen. Irailean kaleratu zuten Letaginak taldearen bigarren diskoa. Diskoak, gainera, Azpeitiko Udalak banatzen dituen sorkuntza beketako bat jaso berri du. Udalak 1.000 euro eman dizkio taldeari. 

Luma, berriz, bi lagunek osatutako rock taldea da. Bi urte daramatzate oholtzetan, eta Airwalk EP da beren bigarren diskoaren izena. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide