Gaur hasiko da Lagun Onak mendi bazkunak urtero antolatu ohi duen Mendi Astea. Prestatutako egitarauari hasiera emateaz Mikel Sarasola kayak gidaria eta ur bizietako piraguista arduratuko da. Hark, Kayaka soinean munduko uretan izenburupean solasaldia eskainiko du 21:00etan hasita, mendi bazkunak Elizkalean duen egoitzan. Patagonian, Nepalen, Groenlandian eta beste horrenbeste txokotan bilatu ditu abenturak Sarasolak.
Bihar, asteazkena, jarraituko dute Mendi Asteko ekintzekin. Ihintza Elsenaar alpinistak Hodeien iruleak solasaldia eskainiko du, 21:00etatik aurrera. Euskal Herrian ez dira asko alpinismoan diharduten neskak, baina horietako bat da Elsenaar lasturtarra. Urteak daramatza Pirinioetan eta Alpeetan eskalatzen, eta bizitako esperientziak izango ditu hizpide, besteak beste.
Azken solasaldia hilaren 14an eskainiko dute. Joxe Ramon Agirre Marronek eskainiko du hitzaldia, Naturaren hitzak. Zelanda berria izenburupean. Saioa 21:00etan hasiko da, Lagun Onak mendi bazkunaren egoitzan.
Mendi Asteari bukaera urteko batzar nagusiarekin emango dio Lagun Onakek. Hain zuzen ere, 2017ko egitasmoen balorazioa, diru kontuen aurkezpena eta onarpena, 2018rako aurrekontuaren aurkezpena nahiz onarpena eta 2018rako ekintzen aurkezpena egingo dituzte. Ondoren afaria egingo dute, eta bertara joateko, aurrez izena eman behar da Lagun Onak mendi bazkunaren tabernan.