Zerrendak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2017ko abe. 20a, 12:20

Duela hogei abendu, Olentzerori gutuna idazten genion nahi genituen jostailuen berri izan zezan. Batzuenak zerrenda luuuuzeak izaten ziren. Besteenak, aldiz, lerro bakarrekoak, baina ez horregatik sinpleagoak. Ondoren, ikastolako ibilaldietara eraman behar genituen gauzak zerrendatzen ikasi genuen. Astebururako behar genituen produktu sofistikatu eta debekatuena, gero. Unibertsitateko lau urteak ere zerrendaz beteta topatu genituen. Ikasle pisurako egin beharreko erosketena; komuna eta sukaldea garbitzeko txandena, uda garaian bisitatu behar genituen txosnaguneena, elkarrekin egin behar genituen bidaiena… Konturatzerako, gradu amaierako laneko bibliografia zerrendatzen topatu zenuen zure burua. Topatu baino, galdu zenuen burua. Eta orduz geroztik ez diozu atsedenik eman zerrendak egiteari.

Egin beharrekoak, konpromisoak, bilerak, zerrendatzen dituzu etengabe, zure buruko makineria geldiezinaren laguntzaz. Berdin dio egunak 24 ordu baditu, zuk 25 ordutan egiteko adina zeregin apuntatuko dituzulako agendan; eta noski, egiten saiatuko zara. SuperWOmen izatetik urrun, beti ez zara iristen zerrendako azken punturaino, eta kasualitatez edo ez horren kasualitatez, zerrendaren azken lerroan izkiriatzen dituzu sentimenduak nahiz barrukontuak. Horregatik, batzuetan, ahazten zaigu lagunari zer moduz dagoen galdetzea, gurasoekin egotea, kuadrillakoekin planak egitea, kanpoan bizi den lagunarekin solastea, gau bateko edo gehiagoko sexu aferak konpontzea, behar dutenei besarkada goxo bat ematea, arazoak kontatu nahi dituenari belarria luzatzea eta gure barrurako, zer moduz gauden galdetzea.  

Akaso, zerrendak egiten irakatsi zigutenean, ez ziguten aipatu lista horiek guztiak atzekoz aurrera ere irakur daitezkeela, eta garrantzitsuena beti ez dela gure bizitzaren obran aurreneko lerroan jartzen duguna. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide