Urtarrilaren 13an jarriko du martxan Lagun Onak Mendi Bazkunak 2018rako prestatu duen egitasmo berria. 2017an Azpeitia eta Hazparne oinez lotu ondoren, aurten Azpeitia eta Bilbo lotzea da asmoa. Zortzi etapa prestatu ditugu eta lehendabizikoa, Azpeitia-Deba, urtarrilaren 13an egingo dugu.
08:00etan herriko plazatik Xoxote aldera abiatu eta, Alabier inguruan Izarraizko Itzuliko GR-arekin bat eginda, Aittolaraino iritsiko gara hari jarraituta. Handik Itziarrera joan eta, amaitzeko, Santiago bideari jarraituz iritsiko gara Debaraino.
Bidean 15 minutuko geldialdia izango da hamaiketakoa egiteko, eta beste 30 minutukoa, berriz, bazkaltzeko; bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du.
Debatik Azpeitira ala Bilbora, aukeran
Urtarrilaren 13ko estreinako etapan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, Lagun Onak MBren webgunean edo elkartearen tabernan, urtarrilaren 11rako.
Ibilaldiaren egunean presoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo da Bilbon. Hori dela eta, Deban bi autobus izango dituzte aukeran ibilaldian parte hartuko dutenek, bat Azpeitira itzultzeko eta bestea Bilbora joateko. Izena ematerakoan zehaztuko beharko dute mendizaleek zer autobus erabiliko duten, eta horren arabera aldatu egingo da, era berean, izen-ematearen prezioa. Horrela, Azpeitira itzuli asmo dutenek 3 euro ordaindu behar dute izena ematerakoan bazkide badira, eta 4 euro bazkide ez badira; Bilbora joateko, berriz, bazkideek 6 euro eta bazkide ez direnek 8 euro ordaindu beharko dituzte.