Erregeak iristeko daude oraindik, baina batzuk hasi dira dagoeneko San Sebastian festetarako prestatzen. Urtarrilaren 20ko umeen danborradan irtengo diren zuzendariak, eta bezperako helduenean zuzendari txiki arituko den bakarren bat ere bai, hasita daude entseatzen. Gaur goizean egin dute, hain zuzen ere, bigarren entsegu saioa Udal Musika Bandaren Soreasuko egoitzan, Unai Frantzesena Bandako zuzendariaren gidaritzapean. Datorren astearte arratsaldean izango dute hurrengo hitzordua, eta umeen danborradarako entsegu nagusien egunetan ere egunero elkartuko dira zuzendari txikiak aparteko saioak egiteko.