Azpeitiko EH Bildu ere prest dago euskal presoen eskubideen alde lanean jarraitzeko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2018ko urt. 12a, 10:04

Euskal gizarteko hainbat norbanako eta eragile bezala, Sare Herritarrak biharko Prest gaude. Estamos dispuestos lelopean deitu duen manifestazioan izango da Azpeitiko EH Bildu ere. Biharkoak izan beharko luke aspaldinadik egoerak eskatzen duen garai berri baterako urratsa,  beste pauso bat konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren bidean. Horretarako, aurtengoan ere eskatuko dugu preso politikoei ezartzen zaien salbuespen egoerarekin bukatzeko, gatazkaren konponbidearen kontrako estrategia delako bide hori.

Presoei ez ezik, senide eta lagunei ere ezartzen zaie zigorra Espainiako eta Frantziako estatuek aplikatutako neurriekin. Gurasoek, anai-arrebek, aiton-amonek, seme-alabek ehundaka kilometro egin behar dituzte preso politikoekin egoteko. Haurrak zein adineko pertsonak kondenatuta daude bizitza zatiak errepideak pasatzera, eta uste dugu badela garaia egoera horiekin bukatzeko. Horrez gain, kartzelan dira gaixo dauden presoak ere, mendeku politika horretan oinarrituta.

Ezinbestekoa da salbuespenezko lege eta neurriekin amaitzea, gaixorik dauden presoak askatzea, dispertsio politikarekin amaitzea eta denon artean presoen aferari irtenbide integrala emango dion bide orri bat finkatzea. Gu horretarako Prest gaude.

Azpeitian ere hiru preso eta iheslari bat ditugu, eta haien eskubideen alde zein Euskal Herriko gainontzeko preso politikoen bizi-baldintzen mesedetan lanean jarraitzeko konpromisoa dugu. Giza-eskubideez ari gara, eta horregatik herritarrei dei egiten diegu bihar Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko.

Azpeitian, dagoeneko hainbat ekitaldi egin dira larunbateko ekitaldirako berotzen hasteko. Azkena atzokoa hitzaldia izan zen: ETAren armagabetzearen ondoren, presoekin zer?. Honakoak izan ziren hizlariak: Enekoitz Esnaola Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburuaren egilea eta Anaiz Funosas Bakebidea elkarteko presidentea. 

Izena eman daiteke autobusean joateko

Azpeitiko Sarek autobusak antolatu ditu manifestaziora joateko. Bi ordutan aterako dira autobusak anbulatorioaren aurretik: 10:00etan eta 16:00etan. Goizean aterako den autobusa gauerdian itzuliko da herrira, eta joan-etorria ordu horietan egiteko Orkatz kultur elkartean eman daiteke izena. Bestalde, arratsaldeko autobusa manifestazioa bukatzean bueltatuko da Azpeitira, eta Orkatzen, Nizan eta Urola Expressen eman daiteke autobus horretarako izena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide