Nekane Azpiazuk (Azpeitia, 1997) "betidanik" izan du sansebastianetako karroza lehiaketara aurkezteko gogoa. Arkitektura ikasketetako hirugarren mailan den ikaslearen proiektua aukeratu zuen epaimahaiak, Sokamuturraren 500. urteurrena gaia modu "egoki, profesional eta eguneratuan" aurkeztu zuelako. Azken asteetan, karroza osatzen aritu da buru-belarri Azpiazu.
Nolatan aurkeztu zinen lehiaketara?
Beti pentsatu izan dut noizbait aurkeztu behar nuela. Lagunek ere askotan esaten zidaten aurkezteko, eta uste baino lehenago beharbada, baina aurten eman dut pausoa. Lehiaketaren oinarriak-eta ikusi nituen, eta zerbait egiteko moduan nintzela pentsatuta, proiektua aurkeztu nuen.
Jarraitu izan duzu karroza lehiaketaren bilakaera?
Gustura ikusi izan ditut urtez urte egin diren lanak. Dena den, batez ere, aurten aritu naiz aurreko urteetako lanei begira. Bada bat asko gustatu zitzaidana: Imanol Eliasen oroimenezkoa.
Egiten ari zaren ikasketekin zerikusirik ba al du egin beharreko lanak?
Bai, arkitektura ari naiz ikasten, eta horrek proiektuko planoak-eta egiteko baliabideak eman dizkit. Horregatik erabaki nuen aurten lehiaketara aurkeztea.
Noiz erabaki zenuen lehiaketara aurkeztea, gaia ikusi aurretik edo ondoren?
Lehiaketa zabaldu zutela irakurri nuenean jakin nuen gaia ere. Gaia beste bat izanda ere, aurkeztuko nintzelakoan nago, baina aurtengo gaia asko gustatu zitzaidan. Gaia polita iruditu zitzaidan, eta horrek ere eman zidan proiektua aurkezteko bultzada.
Sokamuturzalea al zara?
Bai, gustatzen zait. Giro polita jartzen du herrian, festa giroa.
Dagoeneko bukatu al duzu karroza?
Joan zen ostiralean hasi ziren margotzen, eta kolorea ematen astelehenean. Ondo goaz denboraz.
Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.