Baina, egiari zor, izan ziren emakume danborjoleak lehenago ere. 1977an, Elizako gazte taldea izenpean (ikus Uztarria aldizkaria: Gazte haiek gogoan, 2009ko urtarrila, 102. zkia, 24 - 25 orr.), lehenengo aldiz atera ziren gazte batzuk, gizonak eta emakumeak, danborra jotzen. Baita emakume danborjoleak ere. Lehenengoz, eta azkenekoz, ez baitzen gehiagotan atera. Hori ez da liburuetan jaso, eta erreferentzia galdu egin da. Denboraren joanean talde hori isilpean geratu da. Emakume haien izenak lausotuta etorri zaizkigu guregana, nortzuk izan ziren ezkutatzeraino.
Zenbat emakumek ez ote dute isilpean lan egin, beraien izenik inon agertuko ez bada ere? Begirada asko luzatu beharrik ez dugu izango isilean, protagonismorik gabe, lanean sendo ari diren emakumeak ikusteko. Danborradari dagokionez, aurretik izango ziren eskaerak, eta ukoak, baina jarraitu egin zuten. Jarraitu, danborrada parte hartzailea eta parekidea bideratu nahian. Harik eta eskaera onartu zitzaien arte. 1977an atera ziren, izenak gorde ez badira ere. Isiltasunean gelditu da aintzindaritza hura. Baina horrek ere, eta horiei eskerrak ere, giroa sortu eta lagunduko zuen 1981ean Kontxi, Mila, Andrea, Feli eta Camino taldekideak onartuak izateko. Eta ohorea da, zinez, gure taldea izatea pauso hori eman zuena. Ezkutuan gelditu diren aintzindari haien ondoren, izen eta abizenez izendatuta, danborradan parte hartu duten lehen emakume danborjoleak Arrantzaleak taldekoak izan ziren.
Etorkizuna ere geurea da. Oihanak bertso zoragarria kantatu zigun. Oihana, gaztea, euskalduna eta emakumea. Edo emakumea eta euskalduna. Dagoeneko ez zaigu arraroa egiten hain gizonezkoena izan den esparru batean emakumearen ahotsa entzutea bertsoa kantatzen.
Denontzako dago lehenengo aldi bat, norberarentzako eta talde bezala. Denok eman behar ditugu pausoak. Batzuk guk baino lehenago eman zituzten. Eta etorriko direnek ere pauso berriak eman beharko dituzte. Nik, neure talaiatik, aintzindari izan ziren haiek ere gogoratu nahiko nituzke.
Eskerrik asko, beraz, isilean lan egin zuten haiei, eta egiten duten denei, danborrada gero eta parekideagoa delako. Eskerrik asko datozenei. Eta eskerrik asko, bihotzez, Kontxi, Mila, Andrea, Feli eta Camino, bidea erakustearren eta zuekin batera partaide egiteagatik. Berdintasunaren bidean...