Oihane Amenabar (Azpeitia, 1990) MasterD ikus-entzunezko eskolako ikasleak I. Mikrogidoien Lehiaketa irabazi du. Madrilen Zinema Ekoizpena ikasten ari den azpeitiarrak Posesiones lana tarteko irabazi du saria. Bost orriko gidoia osatu du, eta orri horietan zoriontsu dirudien bikote baten istorioa kontatzen du. Amenabar "oso gustura" dago; izan ere, filma grabatu ahal izango du sariari esker. Azpeitiarrak filma zuzentzeko aukera izango du.
Filologia Hispanikoa ikasi zuen Amenabarrek Salamancan (Espainia), eta, ondoren, Zine Zuzendaritza masterra Bartzelonan. Zinema Gidoigintza ikasketak ere egin zituen Madrilen, eta orain, Zinema Eskoizpena ari da ikasten. Aurretik ere, hainbat sari jasotakoa da sortzailea. Besteak beste, I. Genero Beltzeko Ipuin Laburren lehiaketa irabazi zuen 2011n Salamancan, Creación infantil lanarekin. Iaz, berriz, Fenavid Boliviako Nazioarteko Zinema Jaialdian, Unibertsitateko Fikziozko lanen sailean, saria eskuratu zuen 500 palabras lanari esker.