“Zuhaitzak herrigunean bizi kalitatea bermatzeko elementu oso garrantzitsuak dira”, Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotziaren arabera. Besteak beste, kutsadurari aurre egiteko eta beroa saihesteko balio dute, baita berdeguneak edertzeko ere. Zuhaitzek dituzten balio horiek indartzeko asmoz, Zuhaitz Eguna antolatu dute udalak eta Ekoetxeak elkarlanean beste behin. Igande goizean egingo dute, Izarraizko Atea parkean.
Animatzen diren herritar guztiak 10:30ean elkartuko dira Esklabetan, eta taldeka antolatuko dira. Guztira, 75 bat zuhaitz landatuko dituzte denen artean, hiru gunetan banatuta. Hainbat neurritako espezieak izango dira landatuko dituztenak: handien artean, liquidambar styraciflua, ginkgo biloba eta fagus sylvatica pagoak; eta txikien artean, astigar japoniarrak. “Zuhaitz ederrak izateaz gain, udazkenean kolorea emango diote inguruari”, azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak.
Beste urteetan bezala, bi ordu inguru emango dituzte zuhaitzak landatzen, eta, hori amaitzean, hamaiketakoa izango da guztientzat. “Ea eguraldiak laguntzen digun; izan ere, aurreko urteetan pozgarria izan da Zuhaitz Egunera zenbat jende hurbildu den ikustea”, adierazi du Bereziartuak.
Zuhaitz landaketan parte hartzera animatu ditu udalak herritarrak, eta, era berean, aurtengo ekitaldian elkarlanerako prest agertu diren elkarteei eskerrak eman dizkie, hala nola herriko ikastetxeak, Lagun Onak mendi bazkuna, Baigera eta baratze parkeetako erabiltzaileak.
Berdeguneak eraberritzen
Zuhaitz landaketa zer testuingurutan egingo duten nabarmendu nahi izan du Labakak. “Azken urteetan berdeguneak zaintzeko egiten ari garen ahaleginaren barruan kokatzen dugu Zuhaitz Eguna”. Haren arabera, agintaldiaren hasieratik ari dira berdeguneen zaintza planifikatzeko lanean. Bide horretan, adierazi du azken bizpahiru urteetan “300 zuhaitzetik gora” landatu dituela udalak herriko hainbat txokotan.
Horrez gain, zuhaitzen egoera aztertzen ere ari da udala. “Azterketa horren emaitzak ikustean, egoera kaxkarrean dauden zuhaitzak, ihartuta edo gaixo daudenak, ordezkatzen ari gara”, erantsi du Labakak.
Loiolako Inazio hiribideko arazoa zertan den ere azaldu du: “Landaketa aldi desberdinetako zuhaitzak daude bertan. Duela 60 bat urte landatutako bi tilo mota daude; sustrai txikia dute, baina zuhaitz handiak dira, hauskortasun handikoak. Herritarren segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna, eta, horregatik, pixkanaka, zuhaitz horiek ordezkatzen ari gara”. Botatzen ari diren zenbait zuhaitzen enborrak barrutik erabat ustelduta daudela ere esan du. “Zuhaizti horiek galdu gabe eraberritzeko saiakera egiten ari gara”.