Handia filmaren saio berezia izango dugu zapatu honetan Soreasu antzokian. Zorioneko dago Handia filman parte hartu duen lantaldea. 10 Goya sari jaso berri ditu, 13 izendapen lortu ostean. Euskal zinema goi-goian mantendu dute, Loreak pelikulak utzitako lekuan. Eneko Sagardoy aktoreak jaso zuen sarietako bat, merezita. Gu ere zorioneko gaude, Sagardoyk Azpeitira etortzeko eginiko gonbitari baiezkoa eman baitio.
Aktore berri onenaren saria jaso du Sagardoyk. Horri buruz, Goya sariei buruz eta filmari buruz hitz egingo dugu zapatuko saio berezian. 21:30ean, solasaldia egingo dugu gonbidatuarekin eta, 22:00etan, filma ikusiko dugu. Amaitzean, ikus-entzuleek Sagardoyri galderak egiteko aukera izango dute.
2017ko urrian estreinatu zen Handia eta Azpeitian izan genuen estreinaldiko asteburu bertan. Ikus-entzuleek bikain erantzun zioten filmari. Jon Garaño zuzendaria eta Iñigo Aranburu aktorea izan genituen orduko hartan zuzenean filmaren berri ematen.