Karnabalak 2018

Sokamuturraren azken dantza

Aitor Unanue (sokamutil ohia) 2018ko ots. 8a, 10:52

Aitor Unanue Albizuri sokamutil ohiak honako gutun hau plazaratu du karnabalen atarian.

Ez ginen nerabe oraindik, eta amak ez gintuen bidaltzen, baina gu joan egiten ginen sokamuturrera. Ez genuen inauterietan libururik eramaten ikastolatik etxera Ostiral Mehe egunean. Neguko jai horietan ez genuen sosik gastatzen, eta urtea beraien zain pasatzen genuen, inauterien zain. Ez ginen mozorrotzen, sokamuturraren atzetik jolasean, dantza batean pasatzen genituen orduak eta egunak kalean, urteko jairik onenak ziren gure herrian.

Ikasleak ginenean oraindik, sokamutil lanetarako herriaren deia jaso genuenean, ez genuen dirurik arropa zuri-gorriak erosteko, ez asegururik bost irteeretarako, amari eskatzen genion dirua. Gauza bera lanak bukatu eta Astearte Karnabal egunean Uztarri erretegian beste sokamutilekin afaldu ahal izateko ere. Etxerako sustoren bat eta arropa zikinak. Baina jolas, dantza eta dohako auzolan hark izugarri betetzen gintuen, jende uholde hura kalean dantzan jartze soilak.

Dena ematen genuen Erdikalean gora zezenaren aurretik, eta beste lau ordu genituen ondoren lanerako. Bukaran, Enparan kalera iristean, askotan ez ginen gai izaten goiko leihoan babesteko salto egiteko ere, jota bukatzen genuen. Euritan, elurretan edo izotzetan, eskuak ez genituen sentitzen zenbaitetan sokari heltzean, bezperako mozorro margoak aurpegitik kentzeko astirik gabe inoiz, gaupasa eginik. Zuriaren eta gorriaren azpitik artilezko galtzerdi eta jertseak erabiltzen genituen, hotzari lau orduz euritan aurre egiteko.

Saiatuz beti ere jendea eta zezenak babesten, jolas horri duintasuna ematen, zezenak maitatzen, goratzen eta laztantzen, harremanak estutzen. Martzelinok, Olatz Mutrikuko Etxarre baserriko Botijo zezen famatuaren jabeak, German sokamutilari esaten zion gisan: "Zuek biok ohe berean lo ederki egingo zenukete". 

Eguna luzatzen hasi den urtaroan, naturak halabeharrez ezarriko digun baraualdi aurreko azken dantza honekin, sokamuturrarekin, esnatzen joan daitezela Azpeitiko lurrak gizaldiz gizaldi, lehen orain eta beti.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide