Joxe Agirreren bizitzaren inguruko zertzeladak, erreportaje batean jasota

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2018ko ots. 20a, 13:23

(Argazkia: Conny Beyreuther/Bertsolari aldizkaria)

Joxe Agirre zenaren inguruko erreportaje sakona kaleratu du Bertsolari aldizkariak. Joxean Agirre idazle azpeitiarrak idatzi du erreportajea, eta bertan Oranda baserriko bertsolariaren bizitzaren inguruko zertzeladak jaso ditu. Besteak beste, Joxe Agirreren lanaz, familiaz eta bertsozaletasunaz mintzo da Bertsolari aldizkariko erreportajea. Bertan, Agirreren ingurukoen esanak bildu dituzte, tartean haren senideenak. Alez-ale zintzilikatuko dute erreportajea sarean, eta gaur argitaratu dute aurreneko zatia. Hona hemen hasiera:

"Joxe Agirreren bizitza kilometro batzuen bueltan errenditu zen, eztei-bidaian Madrilera egin zuen bidaia eta gisakoren bat salbu. Jaiotetxetik Zestoa aldera begira jarri eta mendi aurrekoa zuen emaztea. Neskak 16 eta berak 31 urte zituela hasi ziren elkarrekin. Lana ere etxetik gertu izan zuen, Izarraizko basoetan lehenik eta Azpeitiko sarreran dagoen Eskuztako harrobian ondoren. Bertsolari bezala egin zuen debuta ere herriko sarreran dagoen Etxe Zuri tabernan egin zuen, Imanol Lazkanok eta biek han tupust egin zuten batean. Gaztetan zapaldu zituen erromeriak ere gertukoak izan ziren; egin zituen apustuak, aizkoran gehienak eta korrika ere bai, inguruko auzoetan jokatu zituen eta bere bertso ibilbidetik herriko bertsolariekin jokatu zituen 1999ko Herriartekoa eta Loiola Irratiko sariketa aukeratu ditugu. Toki hauetako bakoitzean lekuko baten edo batzuen laguntza izan dugu Joxeri buruz hitz egiteko. Lekuko horietako asko adiskide kualifikatuak dira. Tartean daude Imanol Lazkano, Joxe Mari Iriondo, Euzkitze, Jokin Uranga edo Iñaki Garmendia Laja".

Erreportajearen aurreneko zatia osorik, Bertsolari aldizkariaren webgunean.

2012ko abenduan hil zen Joxe Agirre bertsolaria, 83 urte zituela. Urte luzez plazaz plaza aritu zen bertsotan Oranda baserriko semea. 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian berak jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori. Agirrek bertsotan egiteko aprobetxatu zuen, baina bertso bat ez, baizik eta lau bota zituen. BECeko bertsozaleek txalo zaparradaz eskertu zioten. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide