Gozogilea da ogibidez Inazio Egaña. Abizen hori du izen familiako negozioa duten Egaña gozotegiak. Egañari egokitu zaio hil honetan Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.
116 urte bete ditu Egaña gozotegiak. Zein da sekretua?
Lanbidea maitatzea.
Gozogintzan sortzailea zara. Zure erotikan sormenak ba al du lekurik?
Bai, ahal den neurrian.
Zenbat azukre botatzen diozu bizitzari?
Asko, baina gatza eta piperra ere bai, e!
Zer postrerekin seduzituko zenuke gustuko pertsona?
Frutazko pastel batekin. Koloretsua, bustia... [Barrez]
Zer behar da nor bere buruarekin gozo sentitzeko?
Lasai bizitzea.
Nola jarriko zenioke ginga harreman bati?
Maitasunez eta errespetuz.
Azpeitiarrak animatzen al dira zapore berriak dastatzera?
Pixkanaka irekitzen ari garen arren, joera tradizionalekoak gara.
Zer osagai aukeratuko zenuke mundu hobe batean bizitzeko?
Elkartasuna, besteen tokian jartzeak asko lagunduko liguke.
Eskuekin ala tresnekin?
Eskuekin, noski!
Gozotegiaren nagusia zara. Sexu kontuetan, nola sentitzen zara erosoago: gidari lanetan edo beste norbaiten gidaritzapean?
Bietan, txandaka.
Anekdotarik bai?
Mutil kuadrilla batek ezkon aurreko bazkarirako aludun pastel erotiko bat eskatu zigun. Ohartu gabe, zakil formakoa egin genien. Bazkalostean, pastela ateratzean, a ze sustoa!
Izozki zapore bat?
Mangoa.
Jaki afrodisiako bat?
Txokolatea.
Zerk urtzen zaitu?
Eguzki goxoak.
Oroitzapen bat?
Asko ditut. Usaimenarekin lotzen ditut askotariko oroitzapenak.
Kolore bat?
Urdina.