Azpeitiko EH Bilduk bat egiten du herriko pentsiodunen borrokarekin, eta bihar Donostian egingo den manifestaziora joateko dei egiten die Azpeitiko gazte, heldu zein adinekoei. Izan ere, hau ez da jubilatuen borroka soilik, guztioi eragiten digun egoera da, eta guztioi dagokigu bizitza duinaren alde mobilizatzea. 18:00etan hasiko da manifestazioa, Alderdi Ederren.
Espainiako Gobernuak iragarritako %0,25eko igoerari ezetz esaten diogu. Testuinguru honek erakusten digu beharrezkoa dela euskal sistema propioa eratzea, eta politikak pertsonei begira egiteko pauso bat gehiago ematea. Izan ere, guk argi daukagu arazoa ez dela diru falta, haren kudeaketa okerra baizik. Pentsioez hitz egiten dugunean, dirua banatzeko moduaz, lehentasunez eta gizartea eraikitzeko moldeaz ere ari gara hizketan.
1.080 euroko gutxienekoa jasotzera iritsi behar dute herritar guztiek, ongizatea, lasaitasuna eta bizitza bermatzeko. Hori dela-eta, EH Bilduren talde parlamentarioak martxoaren 1ean Legebiltzarrean eskatu zuen ekimenak abiatu daitezela Gizarte Segurantzaren alorreko eskumenak Jaurlaritzaren esku uzteko.
Guztion borroka
Gizarte honek behar bezala funtzionatu dezan, beharrezkoa da gure adinekoek pentsio duinak izatea. Batetik, erretiratuen eskubidea delako, independentzia eta erosteko ahalmena izateko eskubidea dutelako; erretiratu ostean ere, aukera behar dutelako bizitzen jarraitzeko. Bestetik, ordea, kontuan izan behar dugu familia askoren sostengua direla jubilatutako pertsonak. Krisiaren eraginez, seme-alabei eta senideei ekonomikoki laguntzeko konpromisoa hartu dutelako jubilatuek. Hori dela-eta, guztion borroka da pentsio duinena, pentsiodunen ongizatea herri honen ongizatea delako.
Nabarmentzekoa da emakumeen egoera are larriagoa dela kontu honetan ere. Asko direlako kobratu eta kotizatu gabe lan-zama handia izan duten emakumeak, gaur egun, ia ezer gabe gelditu direnak. Egoera hori gehiago okertzen da bakarrik bizi diren emakumeen kasuan. Haiek ere kontuan hartzea eskatzen dugu.
Bestalde, Baigera eta Duintasuna taldeek Azpeitiko udalbatzan aurkeztutako mozioa geure egiten dugu, eta gure babes osoa adierazten diegu herriko pentsiodunei eta lanean zein borrokan ari diren erretiratuei. Beraz, bat egiten dugu irakurketako puntuekin.
Bi elkarteek autobusa antolatu dute biharko manifestaziora joateko. Baigeran eman daiteke izena, eta 16:30ean irtengo dira autobusak anbulatorio aurretik.