Kirol Egokituaren Euskal Federazioak Izarraitz igeri elkarteko Iker Aizpuru igerilari azpeitiarra aukeratu du datorren asteburuan, martxoaren 23an, 24an eta 25ean, absolutuen mailako Igeriketa Egokituko Elkargo Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketan parte hartzeko.
Castelloneko La Salera igerilekuan jokatuko da sariketa. Igerilari azpeitiarra absolutu mailan Euskadiko selekzioarekin arituko den bigarrengo aldia izango da asteburukoa.
Bestalde, Espainiako Paralinpiarren komiteak deituta, Espainiako Txapelketa bukatu ostean, Aizpuru Castellonen izango da AXA Taldearen Etorkizuneko Paralinpiarren Kontzentrazioan parte hartzen.
Etorkizuneko Paralinpiarren AXA Taldea Espainiako Paralinpiarren komiteak sustatzen du, Kirol Egokituen Espainiako Federazioaren laguntzarekin eta AXA aseguruen babesarekin. Entrenamendu jardunaldiak martxoaren 25etik 29ra bitartean izango dira Castellonen. Iker Aizpuruk, igeriketako teknikak hobetzeaz gain, aukera ederra izango du beste lurraldeetako igerilariak ezagutzeko.