Azpeitiko EH Bilduk bere egiten du xenofobiaren eta arrazakeriaren aurkako nazioarteko eguna, eta bat egiten du Udalak, Elkar-ekin taldeak, SOS Arrazakeriakek eta herriko eskolek prestatutako egitarauarekin.
Guztientzako herri bat nahi du EH Bilduk, eta norabide horretan, beharrezkoa da Euskal Herritik kanpo sortutako herritarrak etxean bezala sentitzea. Horretarako, lan asko dugu egiteko, norbanako bezala eta talde moduan. Izan ere, guztiok dugu zer hobetu esparru horretan, eguneroko gauza txikiei zein handiei begira hasiz gero. Aurreiritziak, tratu desberdina, gutxiespena... asko dira hainbat herritarrek sufritzen dituzten bazterketak.
Hori dela-eta, beharrezkoa da jarrera horien aurkako egitasmoak antolatu eta sustatzea. Beraz, herritar guztiei dei egiten diegu eguneroko ohitura eta joerez hausnartzeko eta egunotarako prestatu duten egitarauean parte hartzeko. Izan ere, egunero izan behar du Azpeitiak arrazakeriarik eta xenofobiarik gabeko herria.
Giza-eskubideen defentsan
1960ko martxoaren 21ean, Sharpevillen (Hegoafrika), Hegoafrikako erregimenaren poliziak tiro egin zuen apartheidaren legeen eta Gobernuaren aurka era baketsuan protestatzeko bildu ziren manifestarien aurka, eta 69 pertsona hil eta 180 zauritu zituen. Horregatik, Nazio Batuen Batzar Orokorrak Arraza Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Egun deklaratu zuen egun hori, eta arraza-diskriminazioa eta apartheida desagerraraztera bideratutako jardunak abian jartzeko eskatu zien estatu kideei.
2018ko ospakizun honetan, EH Bildun, urteak direla egindako basakeria horiek gogorarazteaz gain, salatu nahi dugu gaur egun Europako Batasunaren (EB) eta EBko estatu kideen immigrazio-politikak eta atzerritarrei buruzko legeak direla arrazakeriaren adierazle nagusia. Politika horien ardatza gehiago da herrialde horien mugak eta salgaiak babestea, eta gerraren eta mugen negozioarekin aberastea, giza eskubideak babestea baino. Horregatik, joan-etorri askerako eta asilorako edozein urraketa salatuko dugu lehenik, pertsona guztiek migratzeko duten eskubidea erreibindikatuz, baina baita ere beren jaioterrietan modu duin eta librean bizitzeko duten eskubidea ere, inork ere derrigor beste inora desplazatu beharrik izan ez dezan.
EH Bildun kezkatuta gaude migrazio-politika horien babespean Europa gotorlekuan ideia arrazisten hazkunde kezkagarria gertatzen ari delako, hau da, pertsonak beren jaioterriarengatik kriminalizatzen dituzten ideien hazkundea. Politika inhumanoak dira, giza eskubideen etengabeko urraketekin hegoko mugan. Milaka pertsona ari dira bizia galtzen Mediterraneoan politika horien ondorioz, itsaso hori hobi komun bat balitz bezala, aurreikuspenen arabera 35.000 pertsona inguru hil baitira ur horietan Europara iritsi nahian 2000. urtetik 2017. urtera bitartean.
Uste dugu estatu espainoleko eta frantseseko atzerritarrei buruzko legeak direla gure herrialdeko pertsona migratzaileek funtsezko eskubideetan pairatzen duten diskriminazio nagusia inposatzen dutenak. Horregatik eskatzen dugu subiranotasuna, Euskal Herritik politika humanitario eta justizia sozialeko politika batzuk aplikatzeko, gure lurraldean hartutako pertsona guztientzat berdintasuna bermatuko dutenak eskubide, betebehar eta aukerei dagokienez.
Subiranotasuna eta eskumenak horrela eskubideak murriztu eta urratzen dituzten politikak aplika ez daitezen, hala nola Espainiako Konstituzio Auzitegiaren epaia, Osakidetzari administrazio-egoera "irregularrean" dauden migratzaileak artatzea ukatzen diona, PPren gobernuaren murrizketak abalatuz, euskal gizarte osorako erreklamatzen dugun sanitatea baliatzeko unibertsaltasun-printzipioa urratzen duten neurriak, hain zuzen ere. Eta auzitegi horrek berak doako arreta sanitarioa ukatu die pertsonei, baita koordainketa sanitarioa edo pertsona kalteberenen etxegabetzeen aurkako babesa ere, bateraezinak direlako estatuko erregulazio murriztaile eta eskubide-urratzaileekin.
Eskubideak pertsona guztiengana hel daitezen eskubide horiek aitortzea eta zabaltzea eragozten digun ofentsiba birzentralizatzaile baten aurrean gaude, euskal herritar guztiek, edozein jatorri dutela edo edozein egoeratan daudela, bizi duin batez gozatzea helburu dugun honetan.
Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko egun honetan, bere jatorri kultural edo sorlekuaren araberako edozein pertsonaren diskriminazioa dakarren edozein praktika baztertu nahi dugu.
Horregatik, Bilboko portuan harresia eraikitzearen aurka ere bagaude, errefuxiatuek eta migratzaileek mugikortasunerako duten giza eskubidearen aurka dagoelako eta sinesten dugun Euskal Herri harrera-lurraren aurka dagoelako.
Edozein motatako jarrera xenofobo eta arrazisten aurrean, uste dugu aniztasun kulturalaren kudeaketa demokratikoko eredu bat formula onena dela edozein motatako jarrera intoleranteak sahiesteko eta haien aurka borrokatzeko. Lehenik, balio humanitarioengatik eta justizia sozialeko arrazoiengatik, gure herrialdeko herritar guztiek eskubide, betebehar eta aukera berak izan ditzaten, hau da, herritartasun osoa. Bigarrenik, kulturarteko elkarbizitzan aurrera egiteko, inork bere kulturaren identitate-elementuei zertan uko egin gabe, betiere muga gisa giza eskubideak izanda, arrazoizko erosotasuna lortuz herritar guztien eta gure aniztasun honetako errealitate guztien artean.