Kamisetan 23 zenbakia duela, eta 23 urte egin berri. Geldirik denbora luzez egon ostean, "oso gustura" dagoela dio Jon Guridik (Azpeitia, 1995). Eskuineko belaunean izan duen lesioa ahaztu eta aurrera begiratu nahi du. Lasai dago, bere aukera noiz iritsiko zain. "Ez dut beldurrik".
Urtez urte lan egin ostean, pixkanaka lehen taldean lekua egiten ari zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Txikitatik amestu dudan gauza bat da Realarekin Lehen Mailan jokatzea, eta horretarako lan egin dut. Hasieran ez duzu pentsatzen horra iritsiko zarenik, oso urruti ikusten duzu; baina urteak aurrera joan ahala, konturatzen zara iristeko aukerak dituzula. Jubeniletatik Realaren bigarren taldera pauso handia izaten da, baina behin salto hori eginda, edozein momentutan deitzen dizute lehen taldetik. Orain esan dezaket lehen mailako jokalaria naizela, eta oso gustura nago.
23 zenbakia eman dizute duela gutxi. Gustatzen al zaizu?
Zenbakiak ez dauka garrantzirik, baina, egia esan, gustatzen zait. Michael Jordanek eta David Beckhamek ere 23a eramaten zuten soinean, eta zenbaki esanguratsua da.
Iazko apirilaz geroztik geldirik egon ostean, duela gutxi hasi zara normal entrenatzen, eta, pixkanaka, jokatzen ere ari zara. Zer moduz sentitzen zara?
Lesioa atzean utzi dut, ahaztuta dudala esan dezaket. Orain, berotu arte antzematen dut pixka bat gogortuta bezala dudala belauna, baina normal entrenatu eta joka dezaket.
Zure egoera hobetzen ari bada ere, ezin esan orain arte zorte ona izan duzunik. Lehen taldearekin debutatu zenuen egunean lesionatu zinen.
Aurretik minez nenbilen, eta asmatu nuen lehenago ezer ez esanda, isilik egon nintzelako debutatu ahal izan bainuen. Debutatu eta hurrengo astean, ordea, ezin ibilita gelditu nintzen entrenamendu bat bukatu eta gero. Medikuek erresonantzia egin eta ebakuntza egin behar zidatela esan zidaten. Aste horretan Leganesen kontrako partida genuen, eta uste dut berez jokatu egin behar nuela. Nik esan nien ea jokatu eta gero operatzea posible al zen, eta ezetz erantzun zidaten. Hala ere, detailea eduki zuten: egun horretan bertan esan zidaten kontratua berrituko zidatela.
"Osteocondritis disecante". Zer pentsatu zenuen hori entzun zenuenean?
Zer zen ere ez nekien, lesio arraro samarra da kartilagoarena. Esan zidaten gehienbat gazteek izaten dutela hori, 15-16 urte ingururekin. Ebakuntza ez zen konplikatua izan, hogei minutuan-edo egin zidaten, baina errekuperazioa pixka bat luzea izaten da. Hala ere, uste dut okerragoa dela lotailu gurutzatua haustea, gero aukera gehiago baitituzu berriz ere puskatzeko. Nire lesioarekin ere agian egongo dira errepikatzeko aukerak, baina...
Aurrera begira, aurreikuspen ona eman dizute?
Bai, orain behintzat futbol ibilbidearekin jarrai dezaket. Gerora ja ez dakit zer gertatuko den.
Gogorra egingo zitzaizun hainbeste hilabete geldirik egon beharra.
Bai, beno. Hasieran esan zidaten hiru hilabetez makuluekin ibili beharko nuela, eta ja ideia bat egiten duzu. Gero, hasten zara gauzak egiten pixkanaka, gero eta gertuago ikusten duzu epe hori, eta nire kasuan, behintzat, ikusten nuen ez nuela aurrera egiten belaunarekin. Izan ere, beste lesio bat azaldu zitzaidan, edema bat hezurrean, eta min ematen zidan korrika nahiz ariketak egitean. Denbora dezente egon nintzen horrekin. Hasieran ideia bat eginda lasai gelditzen zara, baina gero ikusten duzu luzatzen ari dela, eta psikologikoki gogorra egiten da. Pasatu da, beraz, ahaztuta hobe.
Ilusorik galdu al duzu inoiz?
Garai onean tokatu zitzaidan lesioa, denboraldi bukaeran, eta errekuperazioa ere oporretako fasean egin nuen, gehienbat. Ilusioa ez nuen galdu, banekien ondo jarriko nintzela. Gaur egun, normalean, ebakuntza denetatik ondo ateratzen zara. Gainera, psikologikoki indartuta itzultzen zara lesiotik, eta gimnasioan hobetzeko dituzun gauzak ere lantzen dituzu denbora horretan. Beraz, askotan, indar gehiagorekin eta dena bueltatzen zara.
Ez da erraza izango lehen taldean lekua egitea, ezta?
Ez, zaila da. Gainera, erdian jokatzen dugun futbolari asko gaude taldean, eta lesio luze batetik itzuli naizela kontuan izanda... Entrenamenduetan erritmo onean ikusten dut neure burua, baina partidetan oso ezberdina da dena; beste erritmo bat egoten da zelaian. Orain, nire aukeraren zain nago. Iritsiko da iritsi behar duenean, eta iristean aprobetxatu egin behar.
Eusebio Sacristan entrenatzailearen estiloa zure ezaugarrietara moldatzen dela dio
te.
Bai, Eusebiori baloia edukitzea gustatzen zaio, ukitu eta ukitu ibiltzea, eta uste dut nire ezaugarri onenetako bat horixe dela: baloia edukitzeko eta jokoa ikusteko ahalmena. Alde horretatik, zorteduna naiz, berari hori gustatzen zaiolako, eta eskerrak eman nahi dizkiot nirekin konfiantza izan duelako.
Reala ez dago momenturik onenean. Taldearen helburuetako bat zen Europa Ligan ahalik eta urrutien iristea, eta duela gutxi kaleratu egin zaituztete. Zer helburu izango dituzue aurrerantzean?
Esperantza handia genuen horretan jarrita, eta desilusio ikaragarria izan da Europa Ligatik kanpo gelditzea. Orain, lehenbailehen egoera horri buelta eman eta denboraldi honetan ere Europa Ligako postuetan sartzea izango da helburua. Oraindik partida asko gelditzen dira jokatzeko, eta posible ikusten dugu. Baikorra naiz.
Eta zuk, pertsonalki, zer lortu nahiko zenuke Realean?
Denboraldi honetan jokatzeko geratzen diren partidetan ahalik eta minutu gehien izatea nahi dut, eta, ahal den neurrian, horiek aprobetxatzea. Horrez gain, Realean urte asko egitea nahiko nuke.
Orain ja badirudi ezin dela horrelakorik esan. Ikusi besterik ez dago Iñigo Martinezek esandakoek zer zalaparta sortu duten.
Hala da, baina nik nahiko nuke.
Nola bizi izan duzue taldean Iñigo Martinezek Athleticera joateko hartu duen erabakia?
Dena oso azkarra izan da. Goiz batean esan zigun bat-batean bazihoala. Denok agurtu genuen; giro txarrik ez zen egon, baina ni pertsonalki ez nintzen bat etorri bere erabakiarekin. Besteak ez dakit.
Ausartuko al zinateke ateren bat itxita dagoela esatera?
Hori ezin da jakin, momentuan momentukoa bizi behar duzu. Orain nik dakidana da Realean oso gustura nagoela eta urte askoan hor jarraitu nahi dudala.
Mikel Labaka da zure entrenatzaileetako bat. Zer moduz moldatzen zara berarekin?
Lagun bat bezala da niretzat. Konfiantza handia ematen dit, eta azpeitiarra izanda, are gehiago. Harreman ona dugu.
Eta taldekideekin, zer moduz moldatzen zara?
Ondo. Giro ona dugu taldean.
Oroitzen al duzu noiz ukitu zenuen lehen aldiz baloia?
Egia esan, ez. 5 urterekin edo? Horrelakoren bat. Aitarekin eta anaiarekin ibiltzen nintzen paseak egiten eta; aitak esaten dit beti baloiarekin ibiltzen nintzela, baina ni ez naiz gogoratzen.
Non aritzen zinen txikitan futbolean?
Edozein lekutan. Parkeetan, areto futboleko kantxetan, belarretan...
Pilota ere gustatzen zitzaizun, ezta?
Bai, pilotan ere ibiltzen nintzen, baina Realean hasi nintzenean, utzi egin nuen. Pena eman zidan, asko gustatzen baitzait pilota. Nahikoa ondo moldatzen nintzen, eta oroitzapen politak ditut gordeta. Txapela-eta irabazi nituen, beste bi final galdu ere bai... [barreak].
Zein futbolari gustatzen zitzaizun txikia zinela?
[Zinedine] Zidane gehienbat, baina gehiago ere bai: [Thierry] Henry, Ronaldo [Luis Nazario]...
Izan al duzu erreferenterik inoiz?
Mikel Aranburu eta Xabi Alonso. Xabi Prieto ere bai.
Orain Xabi Prieto taldekide duzu.
Esperientzia handia du, eta gazteoi asko-asko laguntzen digu. Asko ikasten dugu berarekin.
Kimu mailan, Lagun Onaken hasi zinen jokatzen. Urtebete egin zenuen han, eta 11 urterekin, Realera jauzi egin zenuen. Nola oroitzen dituzu Realaren harrobian emandako urteak?
Ohorezko infantil mailan hasi nintzen Realean. Garai haietan ez zegoen infantil txikien mailako talderik, eta ni zaharragoen taldean sartu nintzen. Hasieran, kostatu egin zitzaidan taldera egokitzea; zaharragoek indar handiagoa zuten, adin horretan asko antzematen da aldea. Baina, azkenean, entrenamenduen bidez denera ohitzen zara, eta urte politak izan ziren.
Zubietara joan-etorriak egiten, denbora asko pasatutakoa izango zara taxian. Entrenamenduetatik berandu iritsiko zinen etxera, eskolako lanak egiteko... Gogorra ere izango zen, zenbaitetan.
Bai. 17:00etan-edo hartzen genuen taxia, eta 21:30-21:45 aldera iristen ginen Azpeitira bueltan. Umetan, hala ere, ez genuen hainbeste etxeko lan edukitzen; gero ja, Batxilergoan eta, beste kontu bat izaten zen: lanak egiteko, beti azken momentuan ikasten, gauetan sarritan... Alde horretatik, pixka bat gogorra da, baina, azkenean, horretara ohitzen zara, eta antolatuz gero, ondo eramaten duzu.
Orain, zerbait ari al zara ikasten?
Gorputz Heziketa ari naiz ikasten, on line erara.
Erraza al da futbola eta ikasketak uztartzea?
Bai, denbora soberan dugu. Arratsaldeak libre izaten ditugu, eta alde horretatik, ez dugu arazorik.
Futboletik bizitzeko aukera izan dezakezun arren, garrantzia eman al diezu ikasketei?
Futboletik bizi zaitezke dena ondo joaten bazaizu, baina ezin da jakin inoiz zer gertatuko den. Niri gertatu zaidan bezala, agian, edozein momentutan lesioren bat azaltzen zaizu, eta gero ez zara ondo errekuperatzen, edo ez dute zurekin kontatzen taldean... Eta, agian, ikasketak behar dituzu aurrera egiteko.
Zorteduna sentitzen zara lehen taldean jokatzeko aukera izan duzulako, edo lanaren ondorio da hori?
Zortea gutxi dela esango nuke nik. Pixka bat behar da futbolean, baina nik uste dut urteetako lanaren emaitza dela. Ordu asko pasatzen ditugu entrenatzen egunero, eta, azkenean, aukera eman didan entrenatzaile bat azaldu da. Alde horretatik izan dut, agian, zorte pixka bat, baina beste dena lanaren ondorio da. Zortea bilatu ere egin behar da.
Nola oroitzen duzu zure debuteko eguna?
Urduritasun handiarekin. [David] Zurutuza lesionatu egin zen, eta aste horretan, ez dakit zergatik, pentsatzen ari nintzen jokatu egingo nuela. Lagunekin-eta ez nengoen berdin; urduri nengoen, isilik, neure munduan bezala denbora guztian. Eta lagunek esaten zidaten: "Zer pasatzen zaik?". Ostiralean entrenatzera joan nintzen eta Labakak esan zidan: "Bihar jokatu egingo duk". Lo ondo egin nuen, baina zapatuan urduri egon nintzen, autobusean eta. Gero, behin ja berotzen hastean, izerdia bota
tzean, pentsatzen duzu: "Beste partida bat da". Eta, azkenean, ondo, esperientzia ederra izan zen.
Futbolaz hitz egin duzu, baina nolakoa da futbol zelaitik kanpoko Jon?
Futbolean bezalakoxea, nik uste. Lasaia, gehienbat. Eskuzabala ere bai, besteekin gehiago pentsatzen dut askotan neure buruarekin baino. Eta, besterik gabe, lagunen laguna naiz, umila. Lotsatia [barreak]. Isila. Adibidez, debutatzean, baten bat euforiko jarriko zen agian, baina ni normaltzat hartzen saiatzen naiz. Noski urduri jartzen naizela, baina barrutik eramaten saiatzen naiz. Ez zait kanpora asko azaleratzea gustatzen, pixka bat hotza naiz zentzu horretan.
Jendeak ezagutu egingo zaitu kalean. Sinadurak, argazkiak... eskatuko dizkizute. Nola daramazu hori?
Charles Chaplin tabernan egoten naiz askotan; ume asko ibiltzen da hor inguruan, eta etorri izan zaizkit sinadura edo argazki eske. Baina, bestela, asko ez oraindik. Hasieran neu lotsatzen nintzen, baina gero ja ohitu egiten zara, eta normaltzat hartzen duzu. Izan ere, zeuk ere haien adinean gauza bera egiten zenuen. Ondo daramat kontu hori, ohitu egiten zara horretara ere.
Zu joaten al zinen norbaitengana sinadura eske?
Ni neu, egia esan, ez. Ez daukat horren oroitzapenik.
Zer esaten dizute herritarrek?
Lesionatuta nengoenean gehiago hitz egiten zidaten futbolaz. Jendeak egunero horretaz galdetzen zidan, eta denei gauza bera azaltzen nien. Bestela, lagunak-eta gustura daude. Pankartarekin-eta joan ziren debutera. Orain, lokalean dugu pankarta, paretan itsatsita.
Zer dago bertan idatzita?
"Izar bat gehiago", uste dut. Ni agertzen naizen egunkariko orriak ere han daude itsatsita [barreak]. Kuadrillako bat horrelako une batera iristea beraientzako polita da.
Zer esaten dizute etxean?
Ni neu izateko, beti bezala, eta ez aldatzeko, lehengo bera naizela.
Donostiara bizitzera joaterik ez al duzu pentsatu?
Pentsatu izan dut, baina lagun denak-eta hemen dauzkat. Nahiago dut hemen bizi, gustura nago.
Futbolarien bizimodua idealizatuta dago gizartean, dena ona dela dirudi kanpotik begiratuta. Baina alde txarrak ere izango ditu, ezta? Presioa dela, lesioak direla...
Ekonomikoki bai dagoela sekulako diferentzia. Gustatzen zaiguna egiten dugu, eta, bai, berez gustura bizi gara. Bakarrik, zuk nahi edo ez nahi, famatua egiten zarela. Azkenean, begi askok ikusten zaituzte; zer egin behar duzun ere kontrolatu egin behar duzu askotan; partida txarren bat egiten baduzu, prentsan zutaz gaizki hitz egiten dute, eta ona egiten duzunean, onena izango zara. Zure izaeraren arabera, gehiago edo gutxiago eragingo dizu horrek, baina garrantzitsuena zure buruarekin konfiantza izatea da.
Azken urteetan Azpeitiak jokalari onak eman ditu: Mikel Aranburu, MikelLabaka, eta, orain, zu. Presioa eragiten al dute izen horiek?
Presioa ez, baina gogoratzen naiz azpeitiar futbolari batzuk izan direla, eta onak, gainera. Azkenean, presioa futbolean nabaritzen dugu, baina ez horregatik. Futbolariok uste dut presioarekin bizi garela denbora guztian, tentsioan, eta horrek ekartzen du, era berean, gure onena ematea. Ona da urduritasun puntu bat izatea, ondo kontrolatzen baldin baduzu.
Gadetzen hasita, lehen gola nola ospatu pentsatu al duzu inoiz?
Taldearen ikurrari musu emango niokeela uste dut, eta, gero, familiarekin, lagunekin eta neskalagunarekin oroituko nintzateke.
Motzean
Futbolari bat?
Zinedine Zidane.
Taldekide bat?
Igor Zubeldia.
Entrenatzaile bat?
Beñat San Jose, Eusebio...
Aurkari gogor bat?
Marcos Llorente.
Amets bat?
Realarekin titulu bat irabaztea.
Zelaian, nor duzu ispilu?
Xabi Prieto.
Zure jarraitzaile handienak?
Familia eta bikotekidea.
Miresten dituzu?
Ama, aita eta anaia.
Futbol zelai bat?
Anoeta.
Zerk pozten dizu eguna? Eta garraztu?
Poztu, gertukoek. Garraztu, entrenamendu edo partida txar batek.
Zaletasun bat?
Tenisa.
Eman dizuten aholkurik onena?
Ni izateko beti.