Azpeitian ere babesa agertu diote Kataluniari

Uztarria.eus 2018ko mar. 25a, 14:35

Kataluniako azken gobernuko kontseilarien atxiloketak salatzeko eta atxilotuei babesa agertzeko elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek, Kataluniarekin bat. Demokrazia askatasuna lelopean.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren aurrean deklaratu zuten ostiralean Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa Espainiako Estatuak bertan behera utzitako Kataluniako azken gobernuko kontseilariak eta Carme Forcadell orduan Kataluniako Parlamentuko presidentea zenak. Llarena epaileak horiek denak espetxeratzea erabaki zuen, ihes egiteko eta matxinada delitua berriz egiteko arriskua dutela argudiatuta. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari ere matxinada delitua egotzi dio Llarenak, baina ez zen deklaratzera agertu; erbestera jo du.

Gertaera horiek salatzeko eta Kataluniari babesa agertzeko elkarretaratzea egin dute 12:00etan, plazan. Azpeitiko Udalak deitu du kontzentrazioa eta mobilizazioarekin bat egin dute Azpeitiko Gure Esku Dagoko zenbait kidek, EH Bilduko nahiz EAJko udal ordezkariek eta dozenaka herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide