Lagun Onak mendi bazkunak eta Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunak elkarlanean antolatutako Izarraizko Mendi Lasterketa egingo dute apirilaren 29an, Izarraitzen barrena. Berrikuntzez betetako lasterketa izango da hamalaugarren urtez egingo dutena; izan ere, lehenengoz, Izarraizko Atea parkean hasiko da mendi lasterketa, eta Azkoitiko Plaza Berrian amaituko da. Ibilbide berria ere izango du aurtengo probak, eta umeentzako jolasak eta hitzaldiak antolatu dituzte estreineko aldiz, antolatzaileek otsailean jakinarazi zutenez. Orain, beste berrikuntza baten berri eman dute mendi elkarteek: kadete mailatik gorako gazteeek ere (hamabost urtetik gorakoek) parte hartu ahal izango dute lasterketa herrikoian.
Hamar kilometro eta 470 metroko malda positiboa izango du ibilbide motzak, eta antolatzaileek adierazi dute mendi lasterketetan hasi nahi dutenentzat "distantzia eta ibilbide paregabea" dela proba hori. Beraz, lasterketan parte hartzera animatu dituzte gazteak.
Hilaren 29an, 09:30ean hasiko da lasterketa, eta bi ibilbide izango ditu: herrikoia eta nagusia –25 kilometrokoa–. Bertan parte hartzeko hilaren 26ra bitartean eman daiteke izena, www.kirolprobak.com webgunean. Probaren eta txiparen arabera, 23 eta 30 euro bitartean ordaindu beharko da izen-ematea. Probarako dortsalak egunean bertan jaso ahal izango dira 07:30etik 09:15era bitartean. Dena den, larunbatean ere banatuko dituzte dortsalak Izarraizko Atea parkean.