Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak 25. urteurrena ospatzen jarraitzen du. Lasterketak mende laurdena bete zuen martxoaren 24an, eta ostiralean borobilduko dituzte antolatzaileek urteurrenerako prestatu dituzten ekitaldiak. Soreasu antzokian jarri dute hitzordua, 20:00etan, eta sarrera doan izango da.
Maratoi erdiaren orain arteko edizioen laburpen bideo batekin hasiko dute ekitaldia. Ondoren, berriz, Azkoitia-Azpeitiaren ibilbidearekin lotura estua duten bost lagun igiko dira oholtzara, "lasterketa nola hasi zen, zer garapen izan duen, zertan bilakatu den eta beste istorio eta datu interesgarri batzuk" emateko. Elena Loyo, Asier Cuevas, Alejandro Gomez eta Alberto Juzdado atletak eta Miguel Mostaza managerra dira hitzaldian parte hartuko duten lagunak.