Elkarbizitza ere erraustegira

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2018ko api. 12a, 13:28

Ez naiz legelaria. Ez naiz politikaria. Ez naiz kimikoa, ezta administraria ere. Ez naiz ezertan aditua, eta aritua ere ezetz esango nuke. Baina herritarra naiz, eta badakit nolako herrian bizi nahi dudan. Errespetuan oinarritutako herrian bizi nahi dut, pertsonek garrantzia duten herrian eta elkarri begiratzeko zein hitz egiteko gai izango garen herrian. Uste dut azken urteetan gauzak asko aldatu direla Euskal Herrian, baita Azpeitian ere; eta, zalantzarik gabe, alde batekoek zein bestekoek esfortzu handia egin dute elkarbizitzaren alde.

Hala ere, badira oraindik ulertzen ez ditudan eta ulertu nahi ez ditudan gauzak. Badakit botereak itsutzen gaituela, politikan denak duela balio eta egoskorkerian, ezker-eskuin, goi eta behekoek antzera jokatzen dutela, dugula. Baina joko politikoaren eta ondokoari bizitza suntsitzearen artean bada marra gorri bat, eta nik ez dut nahi bizi marra hori errespetatzen ez duen herrian. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko zuzendaritzak, EAJren eta PSE-EEren gehiengoarekin, marra gorria pasatu du.

GHK-k 2017ko urrian erabaki zuen salaketa jartzea Iñaki Errazkin Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatu ohiaren eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiaren aurka. Zubietako errauste planta gelditzearen ondorioz aldundiak galdu duen dirua eskatzen diete, eta gaur da epaiketa.

GHK-ren arabera, 40 milioi euro itzuli beharko dituzte, hainbat hitzarmen etetearen kalte-ordain gisa. Izan ere, 2008-2011 agintaldian EAJk aurreratuta eta lotuta laga zuen errauste plantaren proiektua eta lanak, eta 2011-2015 agintaldian, berriz, bertan behera utzi zuen EH Bilduk. 2015ean berriro iritsi zen EAJ erakundera, eta berriro hasieratik hastea egokitu zaio.

Talde batek erraustegia eraikitzea agintzen zuen; besteak, obra horiek gelditzea. Zilegi ziren bi proiektuak, herritarrek aukeratuz gero. Bilduk irabazi zituen Gipuzkoako aldundirako hauteskundeak 2011 hartan, eta Errazkinek eta Intxaurrandietak hitz emandakoa bete zuten. Ez dut sartu nahi bi proposamenen arteko borrokan; eztabaida honetatik kanpo utzi nahi dut zer den egokiena norentzat. Biek balio zuten.

Ezin bizi

Kontua da herri borondatea betetzeagatik zigortu nahi dituztela Errazkin eta Intxaurrandieta, hau da, programan jaso zuten hori eta herritarrek bozkatu zuten hori egiteagatik. Erraustegia gelditzea eskatu zuen Gipuzkoako gizarteak une horretan, eta hori errespetatu egin behar da.

Ez nau harritzen obrak gelditze horrek sortu zuen ezinegonak, eta ulertzen dut talde politiko bakoitzak bere interesak eta ideiak defenditu behar dituela. Baina bi pertsona hatzarekin seinalatzea eta haien bizitza horrela mugatzeak ez du izenik. Zigorra ezartzen bazaie, bizitza osoan soldata enbargatuta izango dute biek, ezingo dute jabetzarik izan, ezingo dute bizitza proiektu batean inbertsiorik egin, ezingo dute familian lagundu. Ezingo dute bizi. Errazkin eta Intxaurrandieta lotuta geldituko dira.

Arrazoiaren jabe izateagatik ezin dugu prest egon ondokoari edozer egiteko. Indar erakustaldi bat al da hau edo oilarren arteko borroka? Ez dut uste hori denik politika egitea; eta, hala bada, ez dut politikaz ezer jakin nahi. Ez nago prest elkarbizitza erraustegira botatzeko; eta, horregatik, Ainhoa eta Iñaki, nire babesa ere baduzue.

(Uztarriaren apirileko zenbakirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide