Agorrilaren 31ko sarraskia hizpide, Donostia gogoan

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 12a, 13:47

'Agorrila' ikuskizuneko irudi bat. (Gero Axular)

1813. urteko abuztuaren 31n Donostian gertatu zen sutea ardatz duen Agorrila ikuskizuna eskainiko du Geroa Axular taldeak larunbatean, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. 80 dantzarik parte hartuko dute.

Donostiako Abuztuaren 31 kaleak historia beltza eta latza du atzean. 1813. urtean Donostia Frantziako armadaren menpe zegoen, espainolen aliatuak ziren Ingalaterrako eta Portugalgo ejertzitoek hiria setiatu eta bereganatu zuten arte. Hiria menderatu ostean, setiatzaileek su eman zioten Donostiari, soldaduek hirigunea arpilatu zuten eta emakumeak bortxatu zituzten. Kale bakarra utzi zuten erre gabe, militarrek bertan aterpe har zezaten. Trinitatea zuen izena zutik utzi zuten kale hark, gaur egun, Abuztuaren 31 bezala ezagutzen dena. Han daude Donostiako etxerik zaharrenak.

Hain zuzen ere, 1813ko agorrilaren 31ko Donostiako sutea eta gertakari gogorretan oinarrituta Agorrila ikuskizuna eskainiko du etzi Azpeitian Gero Axular taldeak; 19:00etan hasiko da, Soreasu antzokian. Juan Luis Unzurrunzaga (Donostia, 1963) da Gero Axularren dantza maisua, koreografoa eta emanaldiaren zuzendaria. Haren esanetan, euskal dantzak, tradizioa eta musika uztartzen dituen eta "amodio istorioa oinarri" duen ikuskizunaz "gozatzeko" parada izango dute zapatuan Soreasura joaten direnek.

Ikuskizunaren mamiari dagokionez, maitemindutako bikote gazte baten istorioa kontatzen du Agorrilak. "Duela bi mende pasa, soldadu frantsesek hartuta zuten hiri hartan, goizero pozarren joaten zen neska gazte bat Trinitate kalean zen iturrira, gustuko zuen mutilarekin elkartzeko. Iturri haren ur tantek busti zituzten bikote gaztearen lehen musuak, eta, ondoren, Santa Teresa komentuko parrokoak ezkondu zituen. 1813ko abuztuaren 31n, ordea, Ingalaterrako eta Portugalgo armadek egundoko sarraskia egin zuten Donostian, eta neska-mutilek bakoitzak bere bidea hartu zuten", kontatu du Unzurrunzagak.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide