Micah P. Hinsonek folk-rock doinuz jantziko du Sanagustin kulturgunea bihar

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2018ko api. 20a, 14:37

Micah P. Hinson. (Estrella Galicia)

Sona handiko artista estatubatuarrak zuzenekoa eskainiko du bihar Sanagustin kulturgunean, 23:00etan hasita. Micah P. Hinson Presents The Holy Strangers diskoa aurkeztuko du folk musikariak Azpeitian, zuzenekora bertaratzen diren musikazale guztien gozamenerako. Sarrerak salgai daude Sanagustinen nahiz Interneten

Son Estrella Galicia biraren barruan, Micah P. Hinson musikaria Sanagustin kulturguneko oholtzara igoko da bihar, zapatua. Kantautore eta gitarra-jotzaile estatubatuarrak Micah P. Hinson Presents The Holy Strangers diskoa aurkeztuko du Azpeitian. Azken lan horretan "opera folk moderno" doinuetara egin du jauzi P. Hinsonek, baina emanaldian folk-rock doinuak nagusituko dira. Artistaren zaleek diotenez, "estatubatuarrak tradizioarekin eta modernitatearekin jolasten du, eta umorez janzten ditu zuzenekoak". Horrekin guztiarekin bere musikak "hunkitu" egiten duela diote kritikariek. Leonard Cohenekin parekatu duenik ere badago.

Folk musikari estatubatuarra gaztetan murgildu zen musikaren munduan, eta 23 urte zituela egin zen ezagun, 2004. urtean, hain zuzen. Orduko hartan kaleratu zuen bere aurreneko diskoa, Micah P. Hinson and the Gospel of Progress izenekoa. Lehen diskoarekin ezezaguna izatetik harribitxi izatera pasatu zen; bigarrenarekin, kultuko abeslari izatera; hirugarrenarekin artista gisa indartu zen; eta laugarrenetik aurrera, izar baten gisa hartu dute entzuleek. Eszena alternatiboan indarrik galdu gabe, mugak gainditu eta maintsream zirkuituetan sartu da Micah P. Hinson. 

Biharko kontzerturako sarrerak salgai daude Sanagustin kulturgunean nahiz Interneten. Txartelak 15 euro balio dute aurrez. Bihar, aldiz, 18 eurotan izango dira eskuragarri leihatilan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide