Izarraizko probarako gogoz

Gipuzkoako Hitza 2018ko api. 28a, 10:52

Nuria Picas. (Hitza)
Nuria Picas mendiko korrikalaria Izarraitz mendi lasterketan lehiatuko da bihar, Alpeetatik itzuli berritan, eta hitzaldia emango du gaur, Azpeitian, bere ibilbideaz. Gipuzkoako Hitzak Picasen ibilbideari buruzko erreportajea argitaratu zuen atzo, ostirala.

Ultratrail probetako munduko korrikalaririk onenen artean daukate askok Nuria Picas (Manresa, Katalunia, 1976), eta lasterkariarentzat "ohorea" da maila horretan lehiatzea. Izarraitz mendi lasterketan parte hartuko du bihar, zeina elkarlanean antolatzen duten Azpeitiko Lagun Onak eta Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunek, eta hitzaldia emango du Azpeitiko Soreasu antzokian, gaur, 19:00etan. Irudien eta hitzen bitartez, Picasek bere kirol ibilbidea azalduko du, Ainhoa Lendizez kirolari eta kazetariak gidatuta.

Estreinako aldiz izango da korrikalaria Azkoitia eta Azpeitia arteko mendilerroan egiten den 25 kilometroko proban. Korrikalariak hainbat mendi maratoi gorriz markatuta ditu denboraldi honetako egutegian, eta horietarako prestaketa gisa baliatuko du igandeko proba; Picasek aitortu du Izarraitz mendi lasterketa "kalitate oneko entrenamendua" izango dela.

Katalanarentzat "berezia" izango da etziko lasterketa, eta "gogotsu" dagoela aitortu du. Izan ere, ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko mendiak, eta "gustura" sentitzen da bertako txokoetan. 2013an, esaterako, bigarren egin zuen Zegama-Aizkorri mendi maratoian, eta katalanak oroitzapen onak ditu ordutik. "Bihotzean daramadan proba da". Proba hori maiatzaren 27an jokatuko da aurten, baina Picasek ez du parte hartzerik izango, agenda kontuengatik: "Beste lasterketa bat daukat Menorcan, baina Zegama-Aizkorrin aritzen diren lagun asko ditut, eta gertutik jarraituko dut proba. Urtero egiten da Zegama-Aizkorri, eta itzuliko naiz, ziur".

Picas munduko eski zeharkaldirik luzeenean parte hartu eta egun batzuetara izango da Azpeitian. Izan ere, joan den martxoaren 17an, Picasek eta beste sei kirolarik 1971tik inork egin gabeko espedizio bati ekin zioten. 40 egunean 2.000 kilometro egitea zen haien asmoa, Vienatik (Austria) Nizara (Frantzia) arteko bidea eginez, baina Picas erretiratu egin zen 11. egunean, hainbat arrazoi tarteko. "Elur-jausien arrisku handia zegoen, eta ez zitzaidan gustatzen espedizioa egiteko modu hori. Ez nintzen eroso sentitzen, eta zeharkaldia uztea erabaki nuen". Hain zuzen ere, aitortu du bere burua “arriskuan” ikusi zuela hainbatetan, elur asko zegoelako pilatuta eta "okerreko erabakiak" hartu zituztelako. Horregatik, haurrk azpimarratu du "hartu beharreko erabakia" izan zela zeharkaldia uztea.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide