Mikel Larrañaga: "Pertsonari azala kentzeko enborrari baino kolpe handiagoak eman beharra dago"

Uztarria.eus 2018ko mai. 2a, 13:14

Mikel Larrañaga aizkolaria.

Pentsu banatzailea da ofizioz Mikel Larrañaga, baina aizkorarako duen jardunagatik da ezaguna herrian. Berari egokitu zitzaion apirileko Uztarria aldizkariko 'Erotikan Plax!' ataleko galderei erantzutea. Haizea Egiguren eta Edurne Mendizabal Arremanitzeko kideek egin diote elkarrizketa Uztarriaren apirileko aldizkarirako, 204. zenbakirako.

Zerk erakarri zintuen aizkorara?

Aizkoraren bueltan mugitzen den guztiak.

Esaerak zera dio: "Nolako egurretik, halako ezpala".

Arrazoi galanta, onerako eta txarrerako.

Pertsonen edo enborren azala kentzen da errazago?

Enborrena. Pertsonari azala kentzeko kolpe handiagoak eman beharra dago.

Zer egin behar da amodioa ez kamusteko?

Ahalik eta ondoen zorroztuta mantendu.

Ba al dago neurrira egindako pertsonarik?

Halakorik ez da existitzen! Beti egoten da bat hobea.

Sexu kontuetan, kolpe handikoa edo txiki askokoa zara?

Handikoa edo txikikoa, intentzioa behintzat izaten dugu.

Aizkolarien eskuak zertarako dira onak?

Latz samarrak izan arren, azkura kentzeko balio dute.

Aniztasuna iritsi al da aizkoraren mundura?

Ari gara pixkanaka-pixkanaka kirol hori modernizatzen.

Zeren alde egingo zenuke apustu?

Herri kirolak indartzearen alde.

Noiz lotsatzen da Mikel?

Horrelako elkarrizketak egiten dizkidatenean.

Irabaztea ederra da. Galtzeak zer du ona?

Ezer gutxi, baina, izatekotan, egindako akatsetatik ikasten dugula.

Aizkoran plazara atera aurretik sexu jolasik bai?

Pare bat eguneko tartea izanez gero, hobe!

Banaka edo binaka?

Banaka.

Nola ligatzen da Mikelekin?

Zaila da, neu joaten naiz eta!

Pertsona erreferente bat?

Aitona zena.

Gustuko duzun zure gorputz atala?

Eskuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide