Azpeitiko merkataritza sektorea sustatzeko helburuarekin, udaberriko opari txartelak jarri zituen eskuragai Bertan merkatari elkarteak joan zen astean. 40 euro ordainduta, herriko saltokietan erabiltzean 50 euroko balioa duten erosketa bonoak eskuratu ahal izan dira azken egunetan.
Gaur, kanpaina hasi zela astebete bete ez denean, salmentara ateratako 300 opari txartelak agortu egin dira. Horrenbestez, bertan behera gelditzen dira hurrengo egunetarako aurreikusitako salmenta puntuak; izan ere, opari txartelak bihar eta etzi (asteazkena eta osteguna) Betharram erakusketa aretoan eta ostiralean eta astelehenean Sanjuandegiko auzo lokalean saltzea aurreikusten zuen elkarteak. Dena den, esan bezala, dagoeneko agortu dira opari txartelak.
Bertanek opari txartelak erosi dituzten herritarrei eskerrak eman nahi dizkie, eta gogorarazi du horiek ekainaren 30era arte izango dutela opari txartelak dendetan erabiltzeko aukera.
Kanpainaren bidez, 15.000 euroko kontsumoa bideratuko da Azpeitiko saltokietara, eta horietatik 3.000 euro bezeroei oparitu zaizkie.