Sanjuandegiko festak 2018

Egitarau murritzagoarekin, baina betiko ilusioarekin dator Sanjuandegiko Umeen Eguna

Uztarria.eus 2018ko mai. 10a, 14:03

Maiatzaren 26an izango da XJ Auzolanean elkarteko kideek haur eta gaztetxoentzat prestatutako eguna. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta antolatzaileek gurasoei nahiz herritarrei dei egin diete antolaketa lanetan beren alea jar dezaten. Izan ere, orain arte arlo horretan jaso duten laguntza "nahiko kaxkarra" izan dela adierazi dute. Izen-ematea hilaren 14an eta 15ean egin beharko da XJ Auzolaneanen lokalean.

Sanjuandegiko festak gerturatzen ari dira, eta horrekin batera bertako Umeen Eguna. XJ Auzolanean elkarteak seigarren urtez antolatuko du gaztetxoei zuzendutako festa, eta hilaren 26an, zapatua, izango da. Zailtasunak zailtasun, egitasmoarekin jarraitzea erabaki dute antolatzaileek, baina egitarau murritzagoarekin.

XJ Auzolanean elkarteko kideek "festak antolatzeko nahikoa indar" ez zutela eta, Umeen Eguna antolatzeko batzar irekia deitu zuten, laguntza eske. Bilkurara ez zen inor agertu, eta hori ikusita "nahikoa lur jota" gelditu zirela onartu dute Umeen Egunaren antolatzaileek. "Umeen Eguna ez antolatzekotan ere egon gara, baina haurrek zein ondo pasatzen duten gogoratzeak aurrera egiteko indarrak eman dizkigu, eta beste urte batez, antolaketa lanekin jarraitzea erabaki dugu", adierazi dute XJ Auzolaneaneko gazteek. Hala ere, boluntarioen garrantzia azpimarratu dute: "Urtero eskatu izan dugu gurasoen laguntza. Izan ere, begiraleen lanaz gain badaude zereginak, eta horietan –bazkalorduko mahaiak muntatzeko eta desmuntatzeko, garbiketa lanetarako, bazkaria prestatzeko...– beren alea jartzeko eskatu izan diegu gurasoei zein bestelako norbanakoei. Baina egia esan, eskaera horrek nahiko erantzun kaxkarra izan du". Horregatik, aurten ere dei egin diete beren alea jartzeko prest dauden lagunei. 

Umeen Eguna aurrenekoz antolatu zutenetik sei urte igaro dira jada, eta urte horietan guztietan, urtero, 200 inguru haurrek, 50-60 begirale boluntariok eta sukaldean bazkaria prestatzen aritu diren lagunek antolatu dute umeen festa, beren alea jarrita. Egitasmoa aurrera ateratzeak "lan handia" eskatzen duela gogoratu eta azpimarratu dute XJ Auzolaneaneko kideek: "Antolatzen diren jolas guztietan ondo pasatzea eta balore jakin batzuk lantzeak, bazkaria prestatzeak, materialak biltzeak, talde orekatuak osatzeak, zerrendak txukuntzeak... lan handia eskatzen dute. Guzti hori musu truk egiten dugu XJ Auzolanean elkarteko lagunok, Umeen Egunak garrantzia duela sinetsita". Horrez gain, gaztetxoei zuzendutako eguna ondo pasatzeko festa izateaz, egitasmoak "gauza asko ikasteko eta ekintzetan subjektu aktibo izateko" aukera ematen duela nabarmendu dute antolatzaileek. 

Aldaketak egitarauan eta izen-ematean

"Indar falta" tarteko, azken urteetan baino ekintza gutxiago antolatu dituzte Umeen Egunerako, eta izena emateko modua ere ezberdina izango da. Dena den, maiatzaren 26ko festan ez dira faltako jolasak, bazkaria eta barre egiteko ikuskizunak.

Azken urteetan antolatzaileek herriko heziguneetan jartzen zituzten Umeen Egunean parte hartzeko izen-emate orriak, baina aurten ez dute hori egingo. Bi egun jarri dituzte izen-ematea egiteko, eta parte hartu nahi dutenak XJ Auzolanean taldearen lokalean eman beharko dute izena, maiatzaren 14ean edo 15ean,
17:00tatik 20:00tara. Aurreko urteren bateko kamiseta erabiliko duten haurrek hiru euro ordaindu beharko dute izen-ematea. Kamiseta berria nahi dutenek, berriz, 5 euro.  

Umeen Eguneko parte-hartzaileak Jose Antonio Agirre plazan elkartuko dira 12:00etan. Ondoren, jolasak egingo dituzte 13:45era arte, eta 14:00etan sabelak betetzeko bazkaria izango da. Bazkalostean, 14:30etik 15:00etara jolasak egingo dituzte, eta amaitzean gurasoekin elkartuko dira. Arratsalderako, berriz, Lore Koloreren ikuskizuna prestatu dute XJ Auzolaneaneko kideek. Emanaldi hori Txiki-Txoko ludotekan izango da, 17:00etan hasita. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Lore Koloreren emanaldia 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, baina bertaratzen diren haurrak guraso batekin joatea komeni da, nahiz eta gurasoek kanpoan gelditzeko aukera izango duten.  

Antolatzaileek ez dute nahi egindako aldaketak "behin betikoak" izaterik, eta horregatik, hurrengo urtera begira "indarberritzea"  nahi dutela esan dute: "Ea indarberritzen garen eta hurrengo urtean egun osoko egitaraua antolatzeko indarrik dugun. Hori da benetan nahi duguna".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide