Jakinarazi dituzte martxoan gaika sailkatutako hondakinen behin betiko datuak

Uztarria.eus 2018ko mai. 17a, 19:18

Martxoan jasotako hondakinen %70,57 jaso dute gaika bereizita. Gainerako hondakinak (%29,43) errefusaren ontzietan jaso dituzte. 2017ko irailaz geroztik goranzko joera hartu du gaika jasotako hondakinen tasak. Udalaren datuen arabera, aurtengo martxoan iazko martxoan baino 19.000 euro gutxiago gastatu dituzte.

Joan zen apirilean jakinarazi zituzten Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak 2018ko martxoan gaika sailkatutako hondakinen behin behineko datuak, eta gaur, osteguna, jakinarazi dituzte behin betiko zifrak. Udalaren datuen arabera, martxoan jasotako hondakinen %70,57 jaso dute gaika bereizita. Gainerako hondakinak (%29,43) errefusaren ontzietan jaso dituzte. Iazko martxoan, aldiz, hondakinen %51,21 jaso zuten gaika sailkatuta eta %48,79 errefusa modura. 

Honan hemen 2017ko eta 2018ko martxoko datuen taula: 

2017ko irailaz geroztik, gero eta hondakin gehiago jaso dute gaika sailkatuta, eta, horrenbestez, goranzko joera hartu du gaika jasotako hondakinen tasak. Joera hori erakusten duen grafikoa, hemen:

 

Iazko martxoan 254.787 kilogramo errefus jaso zituen Urola Erdiko Mankomunitateak. Aurtengo martxoan, berriz, 135.140 kilogramo errefus jaso dituzte. Beraz, behera egin du errefusaren kopuruak. Hondakin organikoen kasuan kontrakoa gertatu da. 2017ko martxoan 46.400 kilogramo hondakin organiko jaso zituzten, eta 2018ko martxoan 116.030 kilogramo. Gainerako hondakinen kopurua ez da horrenbeste aldatu. Datu zehatzak, hemen:

Biztanleko bildutako errefusa kopurua ere jakinarazi dute. Iazko martxoan, biztanleko 17,34 kilogramo errefus jaso zituzten. 2018ko martxoan, berriz, 9,2 kilogramo errefus jaso dituzte biztanleko. 

Eragin ekonomikoa

Txipdun txartelaren bidez hondakinak biltzeko sistema berriak eragin ekonomikoa izan duela azaldu dute Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak. Haien arabera, "2018ko martxoan errefusa gutxiago bildu denez, tratamendu gastuak murriztu dira". Horrenbestez, aurtengo martxoan iazko martxoan baino 19.000 euro gutxiago gastatu dituzte.

Azpeitian 2018ko martxotik dago martxan txipdun txartelaren bidez hondakinak biltzeko sistema berria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide