Andoni Ibarmiak eta Ane Alberdik irabazi dute Sare Eguneko elkartasun krosa

Uztarria.eus 2018ko mai. 19a, 16:06

Eguraldi bikainarekin esnatu da Sare Eguna, eta herritar ugari animatu da kalera goizetik. Erlojuak 11:00ak jo dituenean hasi da Azpeitiko Sarek antolatutako egitarauko aurreneko hitzordua: elkartasun kros herrikoia. Aurten 166 lagun animatu da bertan parte hartzera, eta helmugara iristen aurrena Andoni Ibarmia (19:44) errezildarra izan da. Raul Ridruejo (20:39) zarauztarra sailkatu da bigarren gizonezkoen mailan, eta Unai Sarriegi (20:41) izan da hirugarrena. Emakumezkoetan, aldiz, Ane Alberdi (22:20) izan da nagusi. Maite Bikendi (23:12) sailkatu da bigarren eta Maitane Aizpuru hirugarren (24:01). Ander Alkorta eta Olatz Alkorta iritsi dira azken postuan helmugara, eta haiei ere merezitako saria eman diete Sareko kideek. Sailkapen osoa, hemen.

Elkartasun kros herrikoiaren sari banaketa egin ostean, gaztetxoen krosa hasi da. Ekain Txou lagun zutela, dozenaka haurrek joan-etorria egin dute Alde Zaharreko kaleetan barrena. Lasterketa amaitzean Ekain Txouk emanaldia eskaini du plazan, eta jendetza bertaratu da hura ikustera. 

Bazkaldu aurretik, bazkaria prestatu behar. 13:00etan hasi da Sarek antolatutako paella txapelketa. Jende ugari bertaratu da plazara ikusmiran, eta parte-hartzaileek giro ederrean prestatu dituzte paellak. Aurten, guztira, 17 paella prestatu dituzte. Txapelketa amaitzean bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Eta arratsaldeko egitarauarekin jarraituko dute ondoren. Sare Eguneko egitaraua, hemen: 

14:30ean: Herri bazkaria, Berdura plazan. Bazkaritarako txartelak daude salgai Orkatzen eta Sanagustinen. Bazkal ondoren, umeentzako gunea.

18:00etan: Manifestazioa, plazatik irtenda.  Manifestazioaren bukaeran, polka erraldoia dantzatuko da plazan, Erokomeri taldeak girotuta.

22:30ean: Kontzertuak: Erokomeri eta Hesian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide