Datorren ostiralerako, ekainak 1, Urola Erdiko mekanizadoreei eta galdaragileei zuzendutako jardunaldia antolatu du Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziak. 09:00etatik 11:00etara egingo da jardunaldia, Azkoitiko Intsausti jauregian, eta bertara gonbidatuta daude eskualdean aktibitate horietan lan egiten duten enpresa guztiak.
Jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako Hornitu III proiektuaren barruan kokatzen da. Eskualdean makina erremintaren sektorean eta aktibitate horietan lan egiten duen enpresa kopurua ikusita, eskualdeko ehun ekonomikoan duten pisua eta garrantzia azaltzeaz gain, etorkizunera begirako joeren inguruko informazioa jasoko dute ekainaren 1eko saioan. Horrekin batera, hainbat gaitan elkarlanerako aukerak eta parte-hartzaileen beharrak jasotzea izango da helburua, hurrengo lan ildo zehatzak identifikatzeko asmoarekin.
Jardunaldian parte hartzea nahi duenak isolozabal@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi edo 943 85 11 00 telefonora deitu dezake.
Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia da Iraurgi Berritzen. Tokiko udalek lankidetzan eskualdearen sustapen sozioekonomikorako dituzten politika eta estrategia publikoen garapenaz arduratzen da erakundea, eta bere helburu estrategikoen artean dago eskualdeko enpresen lehiakortasuna, garapena eta eraldaketa sustatzea, enpresen beharren arabera proiektuak garatuz.