Zuloa saiakera liburua aurkeztu du gaur, asteartea, goizean Azpeitiko bizilaguna den Xabier Gantzarain (Azkoitia, 1975) idazle eta arte kritikoak. 2012an jaso zuen Tene Mujika bekari esker ondu du Zuloa Gantzarainek, eta Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu du liburua. "Historia hurbila" aztertu duela kontatu du Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egindako aurkezpen ekitaldian: "Tene Mujika beka historia hurbila aztertzeko izaten da, eta ni saiatu naiz historia hurbila artearen bitartez aztertzen". Horretarako, 23 artelan aukeratu ditu, eta bakoitzari atal bat eskaini dio. "Gure historia hurbilean izan diren gertaerak, joerak, aldaketak eta abar idatzi ditut. Batzuetan nire bizitzarekin lotuz eta beste batzuetan azterketa estetiagoa eginez, betiere historia izanda zerumuga bezala", azaldu du Gantzarainek.
Saiakera idazteko aukeratu dituen artelanen inguruan ere mintzatu da: "Gustatzen zaizkidan artelan asko aukeratu ditut; beste batzuk horrenbeste gustatzen ez zaikidanak dira, baina sartu behar nituela usten nuen". Azpeitiko bizilagunaren hitzetan, aztertutako "obra gehienak" artista garaikideen lanak dira, baina "lehenagoko belaunaldiko besteran bat edo beste ere badago". Jose Luis Zumeta, Jose Ramon Amondarain, Asier Mendizabal, Itziar Okariz eta Igor Aranberri artisten lanak jarri ditu adibide gisa. "Horien lanaren bitartez saiatu naiz azken urteetako Euskal Herriko gizartea aztertzen".
Zuloa ez da Gantzarainek idatzi duen aurreneko liburua; izan ere, Lisboa min (Susa, 2001), Van Gogh, bihotzean eguzkia (Txalaparta, 2002) eta Epelde, mende baten soinua (Trikitixa elkartea, 2004) ere eginak ditu. Zuloa lana salgai dago Elkarren webgunean, 20 euroren trukean.
Zuloaren sinopsia
Honako hau da Gantzarainek gaur aurkeztu duen liburuaren sinopsia:
"Paradoxa polita da: iraganak irautera egiten du. Eta narrazio batean sartzen dugu iragana, zentzu bat ematen diogu orainetik, zentzu bat ematen diogu oraindik; ondo asko dakigu, nean, iragan baten hondarrak garela. Hondarren hondarrak, nahiago bada. Eta narrazio horri historia izena ematen diogu, argi gera dadin, ez dezagun nahastu literaturarekin, inork ez dezan pentsa asmatua denik, bere kziozko izaera ezkutatzeko.
Historia kzioa da erabat, narrazioa, kontakizuna. Eta galdera da: artea kzioa da? Arteak ere irautera egiten du, eta Euskal Herriaren historia hurbila artearen bitartez aztertzen da Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzitako liburu honetan. 23 saio labur dira, bakoitza artelan batetik abiatuta idatzia, testuingurua erakutsiz, bizitzarekin lotuz, memoriarekin, gure zulo beltzarekin. Ez da artearen historia bat, ez da historia liburu bat ere: memoria ariketa bat da funtsean. Memoria guztiak bezala tranpatia, kapritxosoa, obsesiboa, irrazionala, desegituratua, zatika emana, eta hala ere absolutua. Artelanak izan ohi diren moduan".