Herritar ugariri sortu dio harridura Loiola aldeko baratze batzuen inguruan entzuten den musikak. Irakurle batek atzo grabatutako bideoan, adibidez, txistularien doinuak eta Gernikako arbola abestia entzun daitezke. Duela aste batzuk hasi ziren Etxearreta baserriko kideak horma-txoriak uxatzeko metodo berria probatzen. Hala azaldu du Inixio Arregi Etxearretak: "Ilarrak ditugu baratzean, eta horma-txori ikaragarri dabilenez, horiek beldurtzeko musika jartzea erabaki genuen. Izan ere, txori horiek ume asko izaten dute, eta haiei jaten emateko ilarrak hartzen dituzte".
Normalean, baratzeetan, txorien zaratak jartzen dituzte hegaztiak uxatzeko, baina Loiolako Etxearretakoak metodo berria probatzen ari dira: "Momentuz, horma-txoriak beldurtzen ditu musikak, baina ikusi egin behar asmakizunak funtzionatzen duen".