Igo dute Mantangorri Sanjuandegin. Hala ere, festetako hainbat ekitaldi egingo dituzte datorren zapatuan. Ekainaren 9rako Kooperazio Eguna antolatu du Xanjuandei auzolaneanek. Egun horretan, Indiaren alde 16:00etan txirrindularitza proba izango da, eta 17:30ean gaztetxoen krosa.
Gaur arratsaldean ere Sanjuandegiko festetan kirolari egin zaio tartea; herri kirolari, hain zuzen. Erakustaldian, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Joxe Mari Esnaola aizkolariek eta Jon Unanue Goenatxo II.a eta Xabier Aranburu Guzta harri-jasotzaileek parte hartu dute. Horiez gain, 8 eta 5 urteko Eneko eta Aratz Esnaola aizkolari gaztetxoek ere beren erakustaldia egin dute. Ondoren, Sanjuandegiko auzo batzordeak antolatutako zozketako zenbaki irabazleak atera dituzte: lehen saria, bi pertsonantzako afaria, 2.701 zenbakiari egokitu zaio (2.661 da ordezkoa) eta bigarren saria, auzoko merkatariek emandako produktuekin osatutako otarra, 2.133 zenbakiari egokitu zaio (0260 da ordezkoa).
Zozketa bukatu orduko, Mantangorri igo eta datorren urtera arte agurtu dute auzotarrek.