Sanjuandegiko festak 2018

Aritz Soraluze eta Alejandro Franco irabazle, Sanjuandegiko Xake Txapelketa Herrikoian

Uztarria.eus 2018ko eka. 5a, 11:35

Joan zen zapatuan, ekainak 2, Sanjuandegiko IV. Xake Txapelketa Herrikoia jokatu zuten Jose Antonio Agirre plazan. Auzoko festetako egitarauaren barruan antolatu zuten hitzordua Azpeitiko Xake Taldeak eta XJ Auzolaneanek. Bi mailatan banatuta jokatu zuten txapelketa: gaztetxoen maila eta senior maila. 14 urtez azpiko lagunek, orotara bost minutuko bederatzi partida jokatu zituzten. Neurketa guztiak jokatu ostean, Aritz Soraluze izan zen puntu gehien eskuratu zituena, eta, horrenbestez, hark eraman zuen oroigarri nagusia. Beñat Aristegik eta Jon Gonzalezek osatu zuten gaztetxoen podiuma. Senior mailan, aldiz, bost minutuko hamaika partida jokatu zituzten parte-hartzaileek, eta Alejandro Franco izan zen irabazlea. Aitor Priya sailkatu zen bigarren eta Patxi Isasmendi hirugarren.

Aurtengoa sariketa antolatzen duten laugarren urtea izan da, eta antolatzaileak gustura gelditu dira izan duen erantzunarekin. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide