#kontaezazu

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2018ko eka. 14a, 17:00

Gaur, ekainak 14, Urola Kostako Hitza egunkarian, Puntuka atalean, argitaratutako iritzi artikulua da honako hau:

Izen eta itxura horrexekin ibili dira Sarean eraso edo jazarpen sexualen aitorpenak. Gehienbat emakumeek kontatu dute gizonen aldetik jasan behar izan dutena.

Segi dezagun kontatzen. Ofizialki gizona naizen partetik, ez dut uste egile/gaizkile moduan ezer berezirik daukadanik aitortzeko. Batek baino gehiagok esan izan dit ni marika nintzela uste zutela (eta ez naiz, praktikan behintzat); ez dute nonbait emakumeenganako amorru erasotzaile haundirik sumatu nigan. Horrek ez nau besterik gabe aingerutzen, badakit, baina neure ustezko errugabetasunari lagundu bezala egiten dio.

Eta gure borondate edo baimenik gabe bizitakoak kontatzen hasita, beste espezieetako «gizonekin» hasiko naiz. (Kontuz: orain datorrena gordinegia izan liteke jende helduarentzat.) Banengoen ni behin konpainia on batean, ohe-giroan, eta ohe-laguna M. txakurrarekin etorria zen. Halako batean txakurra arrimatu, eta ikusirik zakila harrotuxea neukala, asmatu du muturra sartu eta zakil hura miazten segundu bakar batez. Harritua ni. Txakur hori arra zen, eta beraz, segundu bakarrean esperientzia homosexual eta zoofiloz jantzi zuen nere biografia sexuala. Esker oneko oroitzapena gelditu zait M. zenarentzat. Beste txakur ar bat ere izan da nere bizian: ikusten ninduen bakoitzean bere hankartea nere hankaren kontra igurtzi arteko onik ez zuen izaten, behin eta berriro, neuk uxatzen nuen arte. Azkenerako astun xamarra egin zitzaidan A. txakurtxo arra.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide