2017ko irailaren 16an aurkeztu genuen jendartean AnnapurnaII_86 proiektua, 1986an gailurra ukitzera joan ziren mendizaleen, familiaren eta lagunen artean. Erronka handia zen esku artean genuena, lanari dagokionez eta arlo ekonomikoari dagokionez. Paradisu Zinema Azpeitiko zineklubak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak egin behar genuen elkarrekin. Proiektuak bi zati zituen: batetik, 1986an mendizaleek grabatu zuten dokumentala berreskuratzea eta digitalizatzea; bestetik, abentura hura nola abiatu zen eta nola izan zen posible azaltzeko bigarren dokumentala egitea. Bi dokumentalen artean, 1986ko gertakari hura osatuta eta betirako jasota geratzea zen helburua. Aurretik, soilik hiru espediziok lortu zuten gailurra egitea. Beraz, Azpeitiko 8 gaztek saiakera egitea, baliabiderik gabe, artean nahikoa ezezaguna zen mendi batean... Hura bai, bazen erronka! Eta guztia jasota gelditzea nahi genuen, herriaren ondare gisa.
1986an, AnnapurnaII gailurra egitera joan zirenean guztia grabatzeko ideia zoragarria izan zuten espedizioko kideek. Handik bi urtera, lagunartean aurkeztu zuten, Azpeitiko Liburutegian. Orduz geroztik, Euskadiko Filmotekaren artxibategian egin zuen lo dokumentalak, harik eta iazko uztailean lozorrotik atera genuen arte. Beldur ginen zein baldintzatan egongo zen, ez ote zen hondatuta egongo. Egoera horren aurrean, filmotekaren erantzuna bikaina izan zen eta oraindik ere eskertu nahi diegu eman ziguten laguntza guztia.
Gure asmoa azaldu genien. Aurkitu zituzten 16mm-ko bi bobinak, atera artxibategitik, lehen ikustaldia egin eta deitu ziguten "nahikoa egoera onean" zeudela esanez. Pozez jaso genuen berria. Uztail hasiera izango zen, oroimenak huts egiten ez badigu behintzat. Egoera horretan egonik, eurek digitalizatu ahalko zigutela ere esan ziguten, eta uda pasatu ondoren hitz egitekotan geratu ginen. Beste hizketaldi batzuk izan genituen epe motzean eta, halako batean, gure harridurarako eta pozerako, digitalizatu zutela esan ziguten. Abuztua izango zen, oroimenak huts egiten ez badigu behintzat.
Geure begiekin ikusi nahi genuen, ordea. Agustin Arenas joan zen filmategira eta gustura itzuli zen. Dokumentala ondo zegoen, osorik. Eskua sartzea zen geratzen zitzaiona, ukituak egitea, koloreak berreskuratzeko, soinua egokitzeko... Baina pozik geunden, lehen zatia egitea posible zela ikusi genuelako. Noraino hobetu ahalko genuen ikustea zen geratzen zitzaiguna. Enpresa profesional batean egin genizkion hobekuntzak eta amaitutzat eman abenduan. Azpeitia-AnnapurnaII 1986 dokumentala berreskuratuta eta digitalizatuta genuen esku artean. Soreasu antzokian ikustaldia eginda, gainera.
Herritarren laguntza
Egitasmoa aurrera ateratzeko finantziazioa lortu behar genuen. Otu zitzaigun, 1986an herritarrengandik jaso zuten moduan, oraingoan ere proba genezakeela jendeari babesa eskatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Goteo.org Fundazioak elkarlanean ateratzen duten META Matchfunding egitasmora aurkeztu genuen proiektua. Guztira, 37 aurkeztu ziren eta 20 aukeratu zituzten, horien artean gurea.
METAren bitartez, gure proiektuaren berri eman genuen eta gutxieneko finantziazio baten beharra azaldu aurrera egiteko. 10.000 euro lortu behar genituen aportazio bitartez eta horretarako 40 egun genituen. Hori lortuz gero, beste 40 egun genituen finantziazio optimora iristeko. Egindako aportazio bakoitzeko Foru Aldundiak beste aletxo bat jartzen zuen. Hori da Matchfundingek duen berezitasuna.
Irailaren 14an hasi zen atzera kontaketa. Guk, Azoka Herritik barruan aurkeztu genuen egitasmoa jendartean. Irailaren 16a zen.
Norbanakoen, elkarteen, hainbat enpresaren, Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, 17.390 euro lortu genituen 80 egunetan (proiektu osoaren aurrekontua 24.593 eurokoa zen). Zineklubak eta gu geuk ere egin genuen ekarpena. Abenduaren hasiera zen. Beraz, dena ondo bidean. Bigarren dokumentalari eusteko unea zen.
'Ametsen harria'
Abendutik martxora bitarteko epean egin nahi genuen bigarren dokumental hori. 86ko espedizioan parte hartu zuten bost lagunekin osatu behar genuen eta informazioa jasotzen hasi ginen.
Agustin Arenas, 1986ko dokumentalaren egilea dena, izan dugu bidelagun bigarren dokumentala sortzerakoan. Primerako bidelaguna. Informazioa jaso, dokumentalaren egitura zehaztu, grabazioak egin, eta muntatu dugu guztia. Azkenetan da. Zuzenketa batzuk, irudi errekurtso batzuk sartu... ez zaio askorik gelditzen. Laister da amaitua eta DVDan jasoko dugu.
Ametsen harria jarri diogu izena, Izarraizko harrobian dagoen harriaren bueltan sortutako proiektua izan baitzen Azpeitia-AnnapurnaII 1986. Eta beste hainbat egitasmorena ere bai. Irailaren 14ko asteburuan aurkeztea dugu pentsatua, urtebeteko zikloa itxiz. Bertan ikusiko garelakoan...
Eskerrak
Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektua aurrera ateratzen lagundu diguten guzti-guztiei:
Norbanako guztiei; Agustin Arenas, Agustin Madrazo, Joxe Mari Azpiazu, Josu Bereziartua, Jabier Maiz, eta Joxe Urbieta Takolo eta Pako San Sebastian mendizaleen familiei; Iñigo Bordari, panel zoragarria egiteagatik; Lagun Onak Mendi Bazkunari; Euskadiko Filmotekari; Gipuzkoako Foru Aldundiari; Azpeitiko Udalari; hedapenean lagundu diguten komunikabideei, batez ere Jabi Leon, Eli Aizpuru, Urtzi Oteiza eta Uztarria zein Urola Kostako Hitzako lagunei; Epi Kristaldegia eta DomusaTeknik bezala lagundu duten enpresei; Azoka Herritik egitasmoari eta Azpeitiko Argazki Elkarteari; Ziripot, Oilo-Soro, Inpernu, Iturri, Arauntza eta Ardozaleak elkarteei; eta isilean txindurri lanean aritu zareten guzti-guztiei.
Bide batez, Matchfunding-ean ekarpena egin eta saria jasotzeko zain daudenei oharra: irailean jarriko gara harremanetan guztiekin, opariak emateko.