San Juan festek asteburuan utzi dutenarekin nahikoa ez, eta astelehenari buelta emateko sagardo dastaketa egin dute gaur eguerdian Urrestillan, San Juan Txiki egunez. Eguzkia indartsu esnatu da, baina urrestildarrak itzala nahiago izan dute gaurkoan, eta itzaletan jarri dira, jan-edanaz gozatzeko. Ehun lagun inguru elkartu dira Auntxa erretegiaren atarian egindako dastaketan.
Arratsaldean jarraitu dute San Juan Txiki egunerako prestatutako ekintzekin. Bazkalostean, 15:00ak inguruan, mus txapelketa egin dute, eta jokoan aritu dira ia bost orduz. Aurten Joseba Azkue eta Jakes Arteaga izan dira txapeldunak. Bitarte horretan, haurrek ere izan dute zer egin eta zertaz gozatu. 16:30etik aurrera gaztetxoentzat puzgarriak jarri dituzte plazan, eta ondoren, indarrak hartzeko merendola egin dute han bertan.
Bihar, asteartea, bukatuko dira Urrestillako sanjuanak, 21:00etan lizarra jaitsi ostean.