Euskaraldia

Euskaraldia udal barruan sustatzeko adierazpena onartu du Azpeitiko Udalak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 4a, 17:00

Aho batez onartu zuen udalbatzarrak Euskaraldiaren aldeko adierazpena. (Azpeitiko Udala)

Aho batez eman zioten baiezkoa atzoko udalbatzarrean Gipuzkoako udal guztietan aurkezten ari diren adierazpen bateratuari, euskararen erabilera indartzeko udazkenean gauzatuko den egitasmoa babesteko.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da Euskaraldia, Euskal Herri osoan euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoa. Ekainaren 22an Azpeitiko hamaikakoak aurkeztu ondoren, orain Udala izan da Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde adierazpena onartu duena; atzoko udalbatzarrean eman zioten baiezkoa, aho batez.

Gipuzkoako udal guztietan aurkezten ari diren adierazpen bateratua da Azpeitian onartu dutena. Horrekin, honako konpromisoak hartu ditu Azpeitiko Udalak Euskaraldia bultzatzeko:

  • Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak izan.
  • Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.
  • Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko.
  • Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa, udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten, eta izena emateko bideak erraztuko ditu.
  • Udalak bat egiten du ekimena elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin Gipuzkoan, ahalik eta udal eta mankomunitate gehienetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan, lurralde mailako politika bateratu bati begira.

Adierazpen osoa Udalaren azpeitia.eus webgunean irakur daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide