Martin Arakistain jesuita azpeitiarra hil zen joan den zapatuan, Indiako Gugerat eskualdean, 92 urte zituela. Orain dela 64 urte joan zen Indiara, 2004ko otsailean Uztarria aldizkarian egin zioten elkarrizketan aitortu zuenez, boluntarioak behar zituztelako. "Loiolan ikasten nengoela boluntarioak eskatu zituzten, eta joatea erabaki nuen. Zazpi azpeitiar joan ginen", azaldu zuen orduko solasaldi hartan.
Urte guztiotan Indiako hainbat tokitan bizi izan da, eta misiolari aritu da. Besteak beste, umeei eskolak eman, eskola berriak eraiki... egin du. Haren senitartekoek azaldu dutenez, Indian hiltzea zen Arakistainen nahia, eta hantxe bertan lurperatu zuten atzo, hileta elizkizuna egin ostean. Azpeitira duela bizpahiru urte etorri zen azkenekoz jesuita.